Jaia eta hizkuntza politika ausarten aldarria batu ditu Uema Egunak, Aramaion

Iure Eizagirre 2013ko eka. 10a, 19:54

Uema Eguna ospatu zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetatik heldutako euskaltzaleek zapatuan, Aramaion. Eguraldia lagun izan ez arren, ekitaldiz betetako eguna izan zuten eta giro politean ibili ziren euskaltzaleak.

Jai gehientsuenen moduan, suziria jaurtita eman zioten hasiera egunari, eta trikitalari eta dantzariek alaitu zituzten kaleak ostean. Umeek, berriz, eskolako aterpea izan zuten dibertitzeko gune, izan ere, han jarri zituzten eurendako puzgarriak.

Goiza pasa ahala, aramaioarrak animatzen eta kanpokoak heltzen joan ziren. Pixkanaka, jendea hurbildu zen artisau azokako postuetara, ogia erosi, belarritakoak ikusi eta txikienak egurrezko jostailuekin gozatzera. Hamaiketako gisa taloa jan eta sagardoa edateko aukera ez zuten galdu batzuek.

Eguerdian herri kirolak egin zituzten frontoian goizuetarrek eta aramaioarrek. Haiek ikusi eta animatzera jende ugari joan zen, etxeko txikienetatik hasita. Oihu eta txalo hotsak izan ziren nagusi.

Ekitaldia

Aurreikusi baino minutu gutxi batzuk beranduago hasi zen Uema Eguneko ekitaldia. Plazan zegoen aurreikusita baina lekualdatu eta aterpean egin zuten. Haurrak izan ziren ekitaldiko lehen protagonistak, eta kantuan eta dantzan euskaraz ikasteko eta erabiltzeko eskatu zuten.

Haien ostean, Aramaioko alkateak hartu zuen hitza eta duela 17 urte Ueman sartu izanari esker, egun Udalak euskaraz funtzionatzen duela gogoratu zuen. Maren Belastegik, Uemako lehendakariak, zapatukoa goi mailako instituzioei ere euskararen aldeko konpromisoa eskatzeko eguna zela aldarrikatu zuen. Ekitaldian izan ziren, besteak beste: Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Petritegi, Behatokiko zuzendaria; eta Paul Bilbao, Kontseiluako zuzendaria.

Ostean, aurreskua dantzatu zieten euskararen alde lan egiten duten eragileei eta instituzioetako ordezkariei. Herriko abesbatzak kantatu zuen ondoren eta ekitaldia herriko lau bertsolariren saioarekin amaitu zen.

Arratsaldekoak

Herri bazkaria 14:00etan hasi zen, frontoian. Goiza pasata, arratsalderako ere ekitaldi ugari zeuden prestatuta: 16:30ean Irrien Lagunek Ane eta piratak parrandan ikuskizuna, eta 18:30ean erromeria Zesuma taldearekin. Sermonds taldeak gauean eskainitako kontzertuarekin amaitu zen Uema Eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak