Aitor Izagirre: "Ilusioz hartzen dut Goienako lehendakari kargua"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 7a, 12:44

Atzo, eguena, egin zuen Goienak urteko batzar orokorra, Arrasateko Kulturaten. Askotariko gaiak landu zituzten bertan; tartean, Estepan Plazaolak kargua utzi eta haren ordez Aitor Izagirre izendatu zuten komunikazio taldeko lehendakari.

GOIENAKO HEDABIDEEN KONTSUMOA GORA:

Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan egin zen batzarra. Bertan izan ziren Aretxabaletako Loramendi, Arrasateko AED, Bergarako Jardun, Elgetako Goibeko eta Leintz Gatzagako Gurel elkarteetako ordezkariak (bazkide erabiltzaileak); Arrasate, Aretxabaleta, Elgeta eta Aramaioko udaletakoak (bazkide laguntzaileak); eta baita bazkide langileak ere. 

Batzar orokorreko puntu garrantzitsua lehendakari aldaketa izan zen. Hamahiru urtez karguan egon ondoren, Bergaran bizi den Estepan Plazaola arrasatearrak kargu uztea aurkeztu zuen, eta beste arrasatear bat, Aitor Izagirre, proposatu eta onartu zuten datozen urteotan komunikazio taldea gidatzeko.

Plazaolak hunkituta utzi zuen lehendakaritza. "Pozik noa egindako lanarekin eta datozen erronkei aurre egiteko dauden asmoak jakinda. Gainera, lehendakarigai bikaina aurkitu dugula uste dut. Gaztea da, euskararen munduan guztiz txertatua dago eta kooperatiba eta gestio munduak barrutik ezagutzen ditu". Ondoren, eskerrak eman zizkien guztiei, "ohore bat izan da".

Bestalde, Aitor Izagirrek Goienari esan zionez, ilusioz egingo dio erronka berri honi aurre: "Badakit ez dela komunikabideentzako –eta batez ere euskarazkoentzako– momenturik onena, baina lan egiteko gogoz nator, eta pozik nago nigan pentsatu dutelako ".   

Bestalde, Loramendi elkarteko Goretti Aiastui izendatu zuten presidente orde, eta Mikel Lezamizek Errektore Kontseilua utzi zuen.

Kontuak osasuntsu

Goienako ordezkariek kontu osasuntsuak aurkeztu zituzten batzarkideen aurrean. "Erakundeek ondo eratzun dute krisiari eta eta hedabideak euskararentzako estrategikoak direla ohartu" direla eman zuten aditzera.

Azken urteetan erakundeen laguntzak behera egin arren, "marra gorria" ikusita, 2012an mantendu izana azpimarratu zuten. Hala jokatu dute, udalek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Gogoeta estrategikoa

Inazio Arregi Tokikom elkarteko zuzendari nagusiak Goienak datozen lau urteetarako garatu duen gogoeta estrategikoaz egin zuen berba. Egungo errealitatea ikertuz komunikazio taldearen erronkak finkatu dituztela azaldu zuen, eta egungo jendartearen eta kontsumo moduen aldaketaz jabetuta zenbait puntu zehaztu gura izan dituztela modu horretan, gaineratu.

"Ez dugu hedabide konbentzional bat izan gura. Gura izaera komunitarioa da, eta baloreak partekatu behar ditugu elkarrekin". Besteen artean, euskararen berreskurapen eta garapena, hedabideetan herritarren parte-hartzea sustatzea eta bideak eskaintzea, autonomia eta independentzia, eta ingurunearekin konpromisoa aipatu zituen Arregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak