Txakolin, txokolate eta bakailao zaporea izango du Debagoienak

Jon Berezibar 2013ko eka. 5a, 14:50

Bariku honetan hasi eta uztailaren 31ra bitartean egingo dituzte hurrengo Debagoieneko Gastronomia jardunaldiak. Gaur, eguaztena, aurkeztu dute egitaraua, Arrasaten. Nabarmentzekoak, bi kontu: berritasun moduan, sukaldaritza tailerrak antolatu dituztela, eta topaketa eta egun berezi bana ere egongo dela aurten: Barnealdeko Gatzagen lehen Topaketa eta Gatzaren Eguna. Garaiko barazkiak, bertako txakolina, txokolatea eta bakailaoa izango dira produktu izarrak.

Sukaldaritza eta horrekin batera, bertako produktuak eta kultura sustatzeak jarraitzen du helburu izaten. Ildo horretatik, menu bereziak eskainiko dituzte jardunaldietan parte hartzen duten jatetxeek (Arrasaten Hilarion, Hamalau eta Santa Ana; Bergaran Lasa; Elgetan Maialde eta Oñatin Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluze), eskualdeko garaiko barazkiekin, Debagoieneko txakolinarekin eta txokolate eta bakailaoarekin osatutako platerekin.

Gatzagen Topaketa eta Gatzaren Eguna

Aipatutako horiez gain, Gatzagako Gatz museoaren bueltan, bisita bereziak egingo dira. Hain zuzen gatzarekin lotuta aurtengo egitarauaren ekitaldi nagusietako bat etorriko da: Gatzaren Eguna. Uztailaren 19an eta 20an Euskal Herriko barnealdeko gatzagen topaketa egingo da Leintz Gatzagan. Ibilbide tematikoak ere ugari egongo dira uztailean gastronomiarekin lotuta. Informazio guztia Mankomunitatean webgunean aurki daiteke.

Sukaldaritza tailerrak

Amaitzeko, beste berezitasun bat: sukaldaritza tailerrak. Garaiko sukaldaritzarekin lotutako saioak antolatu dituzte aurten lehen aldiz, herritar guztiei zabalik. Arrasateko Eroski merkataritza gunean izango dira tailerrak, ekainaren 18an eta uztailaren 2an.

 

Ekitaldi nabarmenak

  • Gomiztegi baserrira bisita (artzantzaren historia eta esnekien dastatzea): ekainak 8, 16, 22, 30 eta uztailak 7, 13, 21, 27 (izena, aurrez).
  • Gomiztegi baserria eta artzain txakurraren erakustaldia, dastatzearekin: ekainak 9, 15, 23 eta 29 eta uztailak 6, 14, 20 eta 28.
  • Debagoieneko XIV. Jardunaldi Gastronomikoen aurkezpena Elgetan, ekainak 13.
  • Ardo eta txakolin dastatzea Mikel Garaizabalek gidatuta. Ekainaren 19an Elgetako Maialde landetxean, HAZIren eskutik. (Izena, aurrez)
  • Debagoieneko II. Txakolin Eguna, uztailaren 14an Aretxabaletan.
  • Sukaldaritza tailerrak. Barazki-menestra eta bakailao tailerra ekainaren 18an 18:00an Mankomunitateko egoitzan. Entsalada epelen eta hegaluzearen tailerra, uztailaren 2an leku berean 18:00etan. Tailera hauek uztailaren 10ean eta 17an Arrasateko Eroski supermerkatuan ere egingo dira.
  • Barnealdeko gatzagen lehen topaketa: uztailaren 19an eta 20an Leintz Gatzagan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak