Debagoieneko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko topaketetan

Ubane Madera 2013ko eka. 4a, 19:46

Eguenetik zapatura, topaketak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herrialdeko udalen sareak, Donostiako Kursaalen. Eta herritarrek, gizarte eragileek eta udal ordezkariek parte hartuko dute. Tartean, baita gure ibarrekoek ere, Eskoriatzan eta Oñatin gauzatutako parte-hartze esperientziak azalduko dituzte-eta.

Topaketen irekiera ekitaldian, eguaztenean Latinoamerikako eraldaketa sozialen esperientzien ikertzaile eta dibulgatzaile garrantzitsuenetakoa, Marta Harneckerrek Brasil, Venezuela, Uruguai eta Ekuadorreko tokiko erakundeen parte-hartze esperientziak azalduko ditu. 19:30ean hasiko da hitzaldia. Eta eguenean, berriz, demokrazia zuzenaren inguruan Europako aditu garrantzitsuenetakoa den Theo Schillerrek egingo du berba batetik, eta bestetik, Islandiako kasuen berri emango dute bertako adituek.

Dena dela, topaketek hiru ardatz izango dituzte: herritarrekin lantzekoa bata, teknikari eta eragileekin lantzekoa bestea, eta azkena udal hautetsiei dagokiena. Azken bi ardatz horien baitan Gipuzkoako hainbat udalerritan gauzatutako zuzeneko esperientzien kontakizuna egingo dute.

Azken batean, topaketen helburuetako bat 2011-2015 agintaldiko lehen bi urteetan herritarren partaidetzaren inguruan garatutako esperientzia ezagutaraztea da. Bertatik ikasi eta balioan jartzea, eta, aurrera begira, urratsak emateko jakintza eta indar berriak eskuratzea. Eta partekatuko dituzten esperientzien artean, Debagoienean egindakoen berri ere emango dute.

Eskoriatzako kasuan adibidez, Beñat Herce alkateak esan digun bezala, 2013 aurrekontuetan egin beharreko lanak zeintzuk izango ziren erabakitzeko, herritarren gogoetak kontutan hartu zituzten. Egin beharreko lanen artean 14 proposamen zeuden, eta herritarrek aukeraturiko zortziak sartu dituzte aurrekontuetan.

Hercek azpimarratu du gainera, herritarren esanak entzuteaz gainera, haien ekarpenak oso aintzat hartu eta euren asmoa dela proposamenak gauzatzea, eta herritarrak parte hartzen segitzera animatu ditu.

Eskoriatzako esperientziaz gainera, Oñatikoaren berri ere izango dute Donostiako topaketetara bertaratzen direnek. Hala, egubakoitzean Nerea Zubia Oñatiko zinegotziak berba egingo du, eta zapatuan, Mikel Biain alkateak. Biek ala biek Herrijorran egitasmoa aurkeztuko dute. Eta hain zuzen ere, alkate eta hautetsien partaidetzarekin borobilduko dituzte parte-hartzearen gaineko topaketa hauek.

Gipuzkoako Foru Aldunditik topaketon garrantzia azpimarratu dute. Eurek dioten moduan, herritarren eta erakunde publikoen arteko botere-harremanak eraldatzeko abiarazitako bidean, eta zehazki, herritarren parte-hartzea erakundeetan bultzatzeko egindako ahaleginaren baitan, salto kualitatiboa da topaketetan emango dutena. Izan ere, orain arte Gipuzkoa mailan landu duten egitasmoa izatetik, Euskal Herri osoko herritarrei eta hautetsiei zuzendutako egitasmoa izatera pasako da.

Horrekin batera, iragarri dute datozen egunotako topaketak orain arte egindakoaren inflexio puntu moduan planteatzeaz gainera, etorkizunean bide beretik segitzeko asmoa dutela. Eta horren adibide da atari berezi bat aurkeztu behar dutela Donostian, herritarren partaidetza zuzena bultzatzeko: www.gipuzkoaherritarrekin.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak