Ezkutuko altxorraren bila joango dira bihar Aretxabaletako Koruetara

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 31a, 12:13

Ignaziotar Lurraldeak antolatuta, Ezkutuko Altxorrak ekimenaren baitan Aretxabaletako Korueta auzoko Santiago elizaren erretaula ezagutzeko bisita gidatua egingo dute bihar, zapatua, 17:00etan.

Ezkutuko altxorrak aurkitzeko ez da urrutira joan behar. Gordeta dauden harri bitxi horiek edonoren begi-bistara egon daitezke, gainera. Haien historia ezagutzeak mundu berri bat irekitzen laguntzen du, eta Debagoienean ere badaude horrelako aukerak eskaintzen dituztenak ere.

Ignaziotar Lurraldea deiturikoa Gipuzkoako hiru eskualdetako –Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia – garapen turistikorako proiektu komuna da eta toki ezberdin eta bitxiak ezagutzeko aukera ematen die herritarrei.

"Normalean bisita gidatuak egiten ez diren lekuak hautatu eta bisitaldia egiten da aditu batekin". Hala azaldu du Ana Heriz Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikariak.

Bihar Aretxabaletan

Aurten eman diete hasiera Ezkutuko Altxorrak deituriko bisita gidatuei. "XVI. mendea ardatz hartuta hiru eskualdeetan bisitak egiten dira. Proiektu pilotua da, eta, momentuz, jendeak ongi erantzun du. Ekainaren 23an amaituko da, eta orduan balorazioa egingo dugu. Gure asmoa antzerako ekintzekin jarraitzea litzateke".

Bihar Aretxabaletako Korueta auzoan egingo dute bisitaldia, 17:00etan hasita. Santiago eliza ezagutzeko zertzeladak emango ditu Arantza Otadui arrasatearrak; Historian aditua da Otadui, eta harekin batera erretaularen nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da.

(Koruetako Santiago elizako erretaula)

"Bisitan gai ezberdinez egingo dut berba. Santiago bidea kokatzen hasten naiz. Ondoren, erretaulan zentratuta, ikonografikoki dituen berezitasunez egiten dut berba. Izan ere, ez da oso ohikoa Santiago apostoluari osotasunean eskainitako erretaularik aurkitzea eta horrek berezia egiten du".

Otaduik, gainera, XVI. mendeko eskulturgintza tailerretan sakontzen du, haien garrantzia bisita gidatuan parte fhartzera animatzen direnei azalduz.

Debagoieneko azken bisitak

Mankomunitateko Turismo teknikariak azaldu bezala, Inaziotar Lurraldetik egingo duten azken bisita ekainaren 23an izango da. Debagoienari dagokionez, Arrasateko Garagartzako San Migel elizako erretaula bisitatuko dute ekainaren 8an, 17:00etan. Hurrengo egunean, hilak 9, Leintz Gatzagako Gatz Museoa izango dute jomugan, 12:00etan.

Ibarreko azken bisita berezia, berriz, Antzuolan kokatuko da: Antiguako ermita eta herriaren erdigunea ezagutzeko aukera egongo da ekainaren 16an, 12:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak