Arizmendikoak elikadura eta ohitura osasungarriak ezagutzen, bertatik bertara

Ubane Madera 2013ko mai. 20a, 18:27

Arizmendi Ikastolako Gazteluondo guneko lehen eta bigarren mailako neska-mutikoek elikadura eta ohitura osasungarrien inguruan, Arrasateko Eroski hipermerkatuak antolatu dituen tailer praktikoetan parte hartu dute. Helburua da "belaunaldi berriei ezagutza eta irizpide baliagarriak helaraztea elikadura orekatua,eta beraz, osasungarria izan dezaten". 

Eroski Fundazioak, gizartearen elikadura-ohituretan sortzen ari diren aldaketez ohartuta, elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko hezkuntza programa bultzatu du haurrentzat. Eta horixe da Arizmendiko ikasleek landuko dutena gaur, maiatzaren 20an, hasi eta eguenera bitartean. 

Obesitate-tasa handiagoa

"Ohiturak aldatzeak berekin ekarri du, alde batetik, haurren obesitate-tasa handiagoa, eta bestetik, ariketa fisiko gutxiago egitea. Horregatik, haurrek bizi-ohitura osasungarriak beregana ditzaten lortzeko, elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko hezkuntza programa (EOOHP) aurkezten dugu", jakinarazi dute antolatzaileek. 

Argazkiak erakusten duen moduan Arizmendiko neska-mutikoak Arrasateko Eroski hipermerkatuko elikadurarekin lotutako sailak hobeto ezagutzen ibili dira gaur.

Eta hamarretako gozoa egiteko aukera ere izan dute.  

Horrez gainera, Eroski Fundazioak zenbait unitate didaktiko sortu ditu, bai ikasleentzat, bai irakasle eta familientzat. 

Tix&Loy laguntzaile bereziak

Hori guztia bereganatzeko, bestalde, laguntza berezia izango dute gaztetxoek, Tix & Loyren laguntza. "Neskatxa eta mutiko osasuntsu eta kirolariak dira, beren bizi- eta elikadura-ohiturak modu orekatuan, eta, beraz, osasungarrian zaintzen dituztenak. Tix & Loy oso osasungarriak ez diren ohitura berri horiek aldatzeko helburuarekin sortu dira, bai eta gazteen artean elikadura eta ohitura osasungarriak bultzatzeko ere". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak