Omenaldi hunkigarria egin diote Joseba Larrinagari 300 bat txirrindularik

Bizikleta-talde eta elkarte askotako ziklistak elkartu dira gaur Aretxabaletan. Joseba Larrinaga izan dute guztiek gogoan, maiatzaren 7an auto batek joka hildako aretxabaletarra. Gaurko ekitaldiak, baina, aukera eman du ere ziklisten errepideko arriskuak salatzeko.

Bizikleta-martxa 10:00etan abiatu da Aretxabaletako plazatik, eta lehenengo Eskoriatza eta Arrasate zeharkatu ditu kalerik kale. Txirrindulariek, jarraian, Aramaiora egin dute, Joseba Larrinagak istripua izandako tokian geldiunea egiteko.

Komunikatua istripua izandako tokian

Aurrerantzean, zuriz margotutako bizikleta batek gogoratuko du ezbeharra gertatutako tokia. Haren parean, alderik alde hartu dute errepidea txirrindulariek, eta Asier Azkarate gazteak irakurritako komunikatua entzun dute guztiek. Joseba Larrinaga 'Mardo' gogoan izenburupean istripua gertatutako eguna, lagunaren ametsak, bizipenak, konpromisoa... ekarri ditu gogora idatziak. Galdutako lagunaren izaera, azken finean.

Aldarrikapenak ere tartea izan du: "Ozen aldarrikatu nahi dugu errepidean errespetuz jokatu behar dela. Josebak erakusten zuen konpromisoaren bandera denok hartu behar dugu. Auto gidari eta bizikleta zale. Denok konpartitu behar ditugu errepideak, errespetuz eta konpromisoz. Gidari eta bizikleta zale, errespetuz konpartitu behar ditugu errepideak. Hori izan behar da guztion KONPROMISOA", irakurri du Azkaratek.

Minutu bateko isilunea egin dute, ondoren, Joseba Larrinagaren omenez, eta bizikleta-martxa berriz abiatu aurretik GOIENAk sentsibilizazio kanpaina baterako erabiliko duen irudi sorta grabatu dute.

Senitartekoak Aretxabaletako plazan

Bizikleta-martxa 12:00ak jota iritsi da Aretxabaletako plazara. Bertan, Joseba Larrinagaren omenezko irudia eta haren senitartekoak zituzten zain txirrindulariek.

Aretxabaletako bi dantzarik eta txistulari talde batek aurreskua eskaini diote Larrinagaren irudiari eta haren alboetan kokatuta zeuden senitartekoei.

Une hunkigarriak bizi izan dira, gehienbat senitartekoek Larrinagaren lagunmin Alfredo Meaberi haren kaskoa eman diotenean. Hunkituta jantzi du Meabek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.