Debagoieneko EH Bildu: "Arrasateko PSE-EEri eskua luzatzen diogu elkar ulertzeko bidea urratzen hasteko"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 16a, 21:40

Debagoieneko EH Bildu ados azaldu da, guztiz, gure bailara elkarbizitzarako gune bilakatzeko beharraz eta, norabide horretan, udaletatik bakearen eta adiskidetzearen alde lan egiteko premiaz Arrasateko PSE-EEk asteon esandakoekin. Baina  gaineratu du, normalizazio politikoaren eta bakearen norabidean lan egitekotan, zinez saiatu beharko direla enpatizatzen, eta bide hori elkarrekin urratzen hasteko eskua luzatu die sozialistei.

"Ados gaude, guztiz, gure bailara elkarbizitzarako gune bilakatzeko beharraz eta, norabide horretan, zuk ondo diozun moduan, udaletatik bakearen eta adiskidetzearen alde lan egin behar dugu", dio Debagoieneko EH Bilduk, Arrasateko PSE-EEko idazkari nagusi Paco Garciari erantzunez. "Izan ere, asteleheneko prentsaurrekoan azpimarratzen genuen moduan, euskal jendartea bake egarriz dago eta ordezkari politikooi dagokigu arduraz jokatu eta konponbiderako baldintzak ezartzea. Martxan dagoen prozesua bultzatu behar dugu eta elkarrekin aurrera egin beharrean gaude", gaineratu du.

EH Bilduk dioenez, bailara honetan gatazka politikoak sufrimendu asko eragin du eta biktima asko egon dira, baina eurekiko mina ezin da izan bake bidean lan egiteko oztopo: "Onartzen dugu ETAk eragindako oinazea eta badakigu min horrek, jadanik, ez duela atzera bueltarik. Eta, hain zuzen, pairatu duzuen sufrimendu horrexegatik, ulertzen dugu errezeloak izan ditzakezuela, adibidez, presoen gaiari soluzioak topatzeko. Baina kontuan izan zuena ez ezik, beste aldeko sufrimendua ere izan dela;  hemen biktima asko egon dira eta beraiengatik sentitzen dugun mina ezin da izan bake bidean lan egiteko oztopo".  

Giza-eskubideekiko errespetua

Debagoienean denon arteko elkarbizitza lortuko bada, lehendabizi adiskidetzeko oinarri sendoak jarri beharko direla diote EH Bildutik, eta gaineratzen dute oinarri horien funtsa, zalantza barik, giza eskubideekiko errespetu osoan dagoela, eta, horrenbestez, presoen eskubideen errespetuan ere bai (dispertsioarekin amaituz, gaixorik dauden presoak eta kondena ilegalki luzatuta dutenak askatuz…, euren esanetan). "Halaber, testuinguru horretan nahiko genuke ulertzea gure asteleheneko prentsaurrekoa; urratuta diren zenbait eskubideren aldeko keinu bat izan zen, publikoki hainbat konpromiso hartuz gauzatu genuena", azaldu dute.  

Errenteria, "eredugarri"

"Normalizazio politikoaren eta bakearen norabidean lan egin gura badugu, uste dugu zinez saiatu beharko garela enpatizatzen, ulertzen zergatik besteak pentsatzen duen pentsatzen duen moduan", diote Debagoieneko EH Bildutik, eta Errenteria jartzen dute adibide moduan: "Zentzu horretan, Errenterian egiten ari diren lan bikaina azpimarratu gurako genuke: Udaleko bost taldeek (PSE, EAJ, PP, Ezker Anitza eta EH Bildu) bat egin eta onartu dute orain arte gertatutakoaren erantzukizuna guztiona dela eta gatazka politiko honek askotariko biktimak eragin dituela: ETAk, GALek, torturek, dispertsioak zein espetxe politikak eragindakoak, besteak beste".  

Euren ustez, Debagoienean ere, gaitzespenen eta kondenen jokabidea alde batera utzi eta, Errenterian bezala, ausardiaz jokatu beharko lukete guztiek:  "Onar dezagun jendarte honetan inor ez dagoela soberan eta, ezinbestean, elkar ulertu beharrean gaudela.  Espazio komunak topatu behar ditugu eta eskua luzatzen dizuegu elkarrekin bide hori urratzen hasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak