Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herrialdeko udalen sareak bilerak egingo ditu herritarrekin

Ruben Cuesta 2013ko mai. 15a, 20:52

Antolatutako topaketa hauetan herritarrek, gizarte eragileek, maila teknikoan gaia lantzen dutenek eta Euskal Herriko tokiko erakundeetako ordezkariek herritarren partaidetza aztertzeko aukera izango dute; ekainak 6, 7, eta 8an egingo dira topaketok, Donostiako Kursaalen. Gaur, eguaztena, egindako aurkezpen ekitaldian, Eskoriatzako alkate Beñat Herce izan da, besteak beste. Herritarrekin sareak ia udal guztiak biltzen ditu. 

Udalekin hasitako elkarlana ongi ikusten du Herritarren Partaidetzarako zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagak: "Ibilbide aberatsa da orain arte egin duguna, eta etorkizunean hala segitzeko esku artean ditugun erronkei heldu nahi diegu. Gipuzkoa gero eta parte-hartzaileagoa dela esan genezake. Esperientzia ugari egin ditugu azken hilabeteotan eta beste horrenbeste daude martxan. 200 esperientzia zenbatu ditugu elkarlanean hasi ginenetik".

Agerraldian, Beñat Herce, Eskoriatzako alkatea, izateaz gain, Hernaniko alkate Luis Intxauspe, Eneko Etxeberria –Azpeitikoa–, Gregorio Iraola –Albizturkoa–, Joseba Palenzuela –Mutrikukoa– eta Ainhoa Zabalo –Lezokoa– izan dira; eta alkateekin batera, hainbat zinegotzi: Axier Jaka –Donostiakoa– eta Alaitz Mendizabal –Lasartekoa–, horien artean; eta baita Tolosaldea Garatzen garapen agentziako teknikari Garbiñe Mendizabal ere. Luis Intxauspek egondako alkate guztien izenean "herritarrek herrian parte hartzeko duten eskubidea eta horren inguruko kontzientzia" zabaltzen ari dela azpimarratu du.

Adituak

Latinoamerikako eta Europako adituek eskainiko dituzte hitzaldiak, besteak beste.

Marta Harnecker, Latinoamerikako eraldaketa sozialen esperientzien ikertzaile eta dibulgatzaile garrantzitsuenetakoa da; Theo Schiller, Demokrazia zuzenaren inguruan Europako aditu garrantzitsuenetakoa; Valgerður Bjarnadóttir, Islandiako Parlamentuko kidea; eta Ástrós Signýjardóttir, Islandiako Konstituzioa berritzeko herritarren batzordeko kide gazteena.

Egitaraua

Ekainaren 6an eta 7an herritarrentzako ekitaldi irekiak izango dira, 19:30etik aurrera; eta 7aan, era berean, maila teknikoan (erakunde publikoetan, unibertsitateetan, enpresetan…) gaia lantzen dutenen eta gizarte eragileen txanda izango da.

Ekainaren 8an, Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako tokiko erakundeetako hautetsiak elkartuko dira. Topaketaren helburuetako bat 2011-2015 agintaldiko lehen bi urteetan herritarren partaidetzaren inguruan garatutako esperientzia ezagutaraztea da. Izena ematea atzo bertan aurkeztutako webgunean egin ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak