Arrasateko PSE-EEk ETAko biktimen alde lan egiteko eskatu dio Debagoieneko Bilduri

"ETAko presoen aldeko omenaldi eta keinuak iragana izatera pasa" daitezela eta "Debagoienean terrorismoaren biktimei justizia egiteko garai berri bat ireki" dadila eskatu dute sozialista arrasatearrek. Arrasateko PSE-EEko idazkari nagusi Paco Garciak "bailara hau elkarbizitzarako gune bilakatzeko beharra" azpimarratu du, prentsa ohar bidez; eta "presoen alde lan egitea adostu" duten EH Bilduko alkate eta zinegotziei gogorarazi die "biolentziaren kontrako konpromisoa hartu" zutela, Bilduko kide moduan, eta hori ez dela bateragarria terrorismoa goraipatzearekin.

Buruzagi sozialistaren esanetan, agintaldiko bi urteotan, ezker abertzaleko alkateek ez dute ezer egin bakegintzari eta normalizazioari dagokienean, eta hori oso larria da: "Hilketa bakoitza, biktima bakoitza, ez da helburu militar bat, ez da ahaztu behar den zerbait; kalte konponezina da, apurtutako familia bat, suntsitutako lagunak. Eta ETA eta bere inguruan eragindako kaltea onartu egin behar da eta barkamena eskatu, elkarbizitza eraikitzeko eta berriz halakorik ez egiteko ezinbesteko baldintza moduan”.

Paco Garciaren hitzetan, udaletatik bakearen eta adiskidetzearen alde lan egin behar da, eta horri gehitu dio kartel, argazki, pankarta edo ETAko preso baten aldeko beste edozein keinu edo ekintza "zigorgabetasun espazioa" dela eta "biktimak –gure demokraziako benetako heroiak– iraintzen eta terrorismoa goratzen" dituela.

ETA gaitzesteko eskaera

Horregatik, Garciak ETA gaitzesteko eta bere desegitea eskatzeko eskatu die Bilduko alkate eta zinegotziei, "ETA desagertzen ez den bitartean, ezin izango garelako bakearen bidean ibiltzen hasi", bere esanetan, eta horrekin batera terrorismoaren biktimak gogoratu eta omentzeko lan egiteko eskatu die. 

"Ulertzen dugu udal batek biktima guztiei egitea ohore, baina soilik demokratak aldarrikatu behar ditu. Egia da askotariko biktimak izan direla, baina Bilduko alkate eta zinegotziei gogorarazten diegu batzuk demokraziaren eta askatasunaren alde hil diren bitartean, beste batzuk ETAren izenean hil direla", adierazi du buruzagi sozialistak. 

Alderdi sozialistak ETAren terrorismoarekin eta biolentziarekin ez duela zalantzarik esanez bukatu du Paco Garciak: "ETA eta bere hilketak gaitzesten ditugu, duen babes politikoa arbuiatzen dugu, eta desagertu dadila exijitzen dugu, berehalakoan eta baldintzarik gabe. Bere biktimak aitortzen ditugu eta ez ditugu ahazten".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.