Badator Berumuga 2012

Maialen Regueiro 2012ko uzt. 3a, 18:23

Gaur, martitzena, arratsaldean aurkeztu dute Berumuga 2012. Bergarako udako musika gauen programa da eta hainbat kontzertu antolatzen dituzte ekimenaren barruan. Aurtengoa hamabigarren aldia izango da eta bost taldek eskainiko dute kontzertua, uztaila eta abuztua bitartean.

Aurrekontua jaitsi egin da eta, iaz zortzi emanaldi egon baziren ere, aurten bost taldek eskainiko dute kontzertua. Espoloian izango dira guztiak, 22:00etan, eta doakoak izango dira.

Uztailak 6, ostirala

Bariku honetan bertan, uztailak 6, emango diote hasiera Berumuga 2012ri Juan De Diego Trakas taldearen eskutik. Talde hau Bilbotik dator eta eskarmentuko musikariek osatutako talde berritzailea da. Jazz eta groove musika eskainiko dute.

Uztailak 13, ostirala

Honakoan, Txus Blues & Jose Bluefingers taldearen txanda izango da. Bartzelonatik datoz eta bluesa eta umorea uztartzen dituzte, hau da, abestu egiten dute baina abesteaz gainera, umorea erabiltzen dute ikus-entzuleei ondo pasarazteko asmoarekin.

Uztailak 20, ostirala

Frantziatik datorren Nico Waine Toussaint bakarlariak eskainiko du kontzertua egun horretan. Europako armonika jotzailerik onenetakoa da eta blues, rock eta boogie musika egiten du.

Hitzordu horiekin uztaileko egitaraua agortuta, abuzturako beste bi hitzordu antolatu dituzte:

Abuztuak 2, osteguna

Mexikotik datorren The Mighty Calacas talderi dagokio kontzertua ematea egun horretan. Lau mutilek osatzen dute taldea eta sustrai latinoetan oinarritutako musika egiten dute. Are gehiago, blues, tropical soul eta funky cumbia nahasten dituzte.

Abuztuak, 23, osteguna

Egun horretan, Iparraldetik datorren talde baten txadan izango da, Aire Ahizpak, hain zuzen. Miren, Amaia eta Paxkalinek osatzen dute taldea eta Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobak dira. Euskal kantagintza egiten dute ahoko tradizioa erabiliz. Eurek eskainiko dute aurtengo edizioko azken kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak