Teknologia txertatuekin garatutako azken proiektuen 'showroom'-a Garaian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 30a, 19:04

Arropa jantzi barik nola geratuko litzaigukeen ikusteko aukera ematen digun jantzi-gela birtuala edo jatetxe batera otordua egitera joandakoan zain gauden bitartean egunkariak irakurtzeko aukera ematen digun mahai digitala. Horiek dira Arrasaten, Garaiako Teknologia Txertatuen Berrikuntza Zentroan azken hiru urteotan garatutako proiektu berritzaileetako bi. Proiektu horiek eta, orokorrean, egindako azken aurrerapausoak batzen dituen 'Showroom' edo erakusketa gela ipini dute bertan, eta goizean izan da inaugurazio ekitaldia. 

Microsoft-ek eta Mondragon Korporazioak sortu zuten Arrasateko Teknologia Txertatuen Berrikuntza Zentroa eta, orain, The New Everyday izeneko showroom-a edo erakusketa gela ireki dute, azken urteotan teknologia txertatuarekin garatutako proiektuen lagin moduan. Teknologia horretan egin diren azken aurrerapausoak aurkezten dira bertan, eta baita ingurune gero eta adimentsuago eta interaktiboagoarekin elkar eragiteko modu berritzaileak ere.

Teknologia txertatuari esker, eguneroko produktu eta zerbitzuek balio erantsia irabazten dute, eraginkortasun handiagoa lortzeko besteak beste, eta erakusketan zehar ibilbidea eginez etxera, osasunera edota turismora zuzendutako azken aplikazioak ikus daitezke.

Askotariko aplikazioak

Etxerako produktu harrigarrienen artean Kinect teknologian oinarritutako jantzi-gela birtuala dago, arropa probatu, koloreak konbinatu eta nola geratzen zaigun ikusteko, keinuak eta ahotsa erabiliz:

Eta etxean bertan geratuta, posible da hozkailuaren kontrola ahots bidez egitea ere:

Turismoaren alorrean, Windows Phonerako egokitutako beste aplikazio batek oinez egiteko ibilbide turistikoak erakusten ditu, puntu interesgarrienak adierazi eta, sare sozialen bitartez, gure kontaktuekin partekatzeko edo gomendioak egiteko aukera eman:

Eta turismoarekin lotuta baita ere, tablet-etarako pentsatutako aplikazio batek, hotel batera joaten garenean adibidez, gauden tokitik bertatik atezainarekin komunikatzeko, jangelan erreserba egiteko edo bideo bidez areto bat libre edo beteta dagoen ikusteko aukera eskaintzen digu:

Jatetxeetarako mahai digitala jan-edanak aukeratu, itxarote denbora ezagutu edota egunkariak irakurtzeko:

Telebista ikusten dugun bitartean, urrutiko aginte bidez, etxeko argi, pertsiana, elektrotresnak edota segurtasun sistemak maneiatzeko aukera ematen digun aplikazioa:

Hirugarren adinekoentzako osasunerako demoak medikuari pazienteak gertutik jarraitzeko aukera ematen dio uneoro:

Errezetak eta sare sozialak lotzen dituen mugikorrerako aplikazioa:

Elkarrekintzarako 50 puntu dituen mahaia:

Horiek dira ikusgai daudenak momentuz, izan ere, datozen hilabeteetan txandakatu egingo dituzte proiektuak, nobedade guztiak erakusteko. Bisitariek demoen funtzionaltasunak euren aplikazio inguruneetara eraman ahal izango dituzte.

Aurkezpen jendetsua 

Goizean egin dute showroomaren inaugurazioa eta ekitaldian izan dira zentroko zuzendari Nati Herrasti, Microsoft-eko, Mondragon Korporazioko eta GAIAko ordezkariak, eta politikariak.

Korporazioko lehendakari Jose Mari Aldekoak esan du orain lau urte, krisia errealitate bat zela jaio zen arren ETIC, helburuak betetzea eta berrikuntzaren sektorean finkatzea lortu duela, eta esperientzia horrek nazioarteko lankidetzak duen garrantzia berresten duela. Ildo horretatik, etorkizunean inbertitzea suposatzen duten egitasmoak positiboki diskriminatzearen alde mintzatu da.

Aldundiaren izenean joan den Lore Martinez Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusi aretxabaletarrak berrikuntza digitalaren presentzia mantendu eta handitzeko lanean dihardutela esan du; eta Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Juan Goikoleak azpimarratu du merkatua egituratzen duten multinazional handiekin egiten den kolaborazioa jarraitu beharreko zerbait dela.

Teknologia Txertatuen Berrikuntza Zentroko zuzendari Nati Herrastik adierazi du showroom-aren helburua dela bisitatzen duten enpresen irudimena eta berrikuntza irekitzea, erakusten ari diren teknologia dagoeneko "gure artean dugun etorkizunaren parte" delako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak