Argindarra sortzen duen gimnasioa Futuraman saritua

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko ots. 13a, 14:51

Eki Solutions izeneko proposamenak irabazi du Garaia Berrikuntza Gunean egin duten egun osoko Futurama jardunaldiko ideia lehiaketa. Hogei proiekturen artetik onena aukeratu dute parte hartzaileek eurek. Ekiten programaren barruan antolatu dute lehiaketa, Futurama izeneko jardunaldian.

Gimnasio jasangarria

Gimnasio berezi bat egitea proposatzen du Eki Solutions proiektuak, erabiltzaileek gimnasioko makinak erabiliz ariketa fisikoa egiterakoan, argindarra sortzeko gauza izango dena. Modu honetara energia garbia sortuko luke eta gimnasioaren funtzionamendua ahalbidetuko luke, modu jasangarrian. Gainera, elektrizitate soberakina sortuko balitz, argindar hori saltzeko aukera izango luke gimnasioak era honetara, autofinantzatzen lagunduz.

Koldo Azkoitia Mankomunitateko Garapen Agentziako Zerbitzu buruak eman die saria proiektu irabazlea aurkeztu duten ikasleei. Ekitaldian Kimu Berriko ordezkariak ere izan dira.

Talde irabazleak stand up paddle ikastaro bat, talde guztiarendako afaria eta Orbea etxeak emandako kamisetak eskuratu ditu.

Antolakuntzatik, balorazio positiboa

Josu Oleaga Futuramako talde antolatzaile eta dinamizatzaileko kideak lehenengo edizio honen balorazio positiboa egin du: "Arratsalde partean plastilinarelkin jolasean ibili dira prototipoak egiten eta canvaseko negozio ideia berriak egiten eta giro polita egon da".

Oleagararen esanetan, ideia batzuk aurretik asmatuta egon arren eta beste batzuetarako teknologia oraindik garatu gabe egon arren, gaur entzun diren ideia gehienak epe motz edo luzera aplikagarriak izango dira merkatuan. Bigarren edizio bat egongo den galdetuta, seguruenik horrela izango dela gaineratu du Oleagak.

160 ikasle

Mondragon Unibertsitateko 160 bat ikaslek Futurama ekialdia egin dute Arrasaten. Ikasleen artean talde lana, sormena eta negozio ideia berrien garapena sustatzea ditu helburu. Kirolaren etorkizuna da eskuartean izan duten gaia.

Garaia Berrikuntza Zentruko 11. eraikuntza berrian, Mondragon Unibertsitateko gradu eta maila desberdinetako 160 ikasle inguru batu dira. Helburu zehatz batekin batu ere: beraien gustura kirolaren etorkizuna eraikitzeko ideiak bota eta garatzeko, Kimu Berri erakundeak antolatutako Futurama ekitaldiaren baitan.

Ideiak bota eta garatu

09:30ean ekin diote egunari eta ideiarik falta ez zaiela garbi laga dute; 3.500 inguru bota dituzte, hamar gaitan banatuta; hala nola, kirola eta emakumea, kirola eta etxea, kirola eta teknologia berriak, kirola eta giza harremanak eta kirola eta mugikortasuna.

20 bat taldetan banatuta, gustukoen eta etorkizun handiena izan dezaketen hiru ideia aukeratu du talde bakoitzak, eta horiek garatzen jadun dute eguerdiko etenaldira bitartean. Arratsaldean, berriz, horietako bat aukeratu eta negozio nola bilakatu pentsatzen jardun dute.

Azkeneko urratsa, aurkeztea

16:30etik aurrera, talde bakoitzak bere ideia eta hura negozio bilakatzeko egingo lituzkeen urratsak aurkeztu ditu, hiru bat minutuan. Guztira, 20 izan dira, talde bakoitzeko bat, eta batek jaso du saria, esandako moduan, Eki Solutions proposamenak. Ikasleek erabaki dute euren botoekin zeinek jaso saria. Aipatzekoa da, bestalde, ikasleez gain, kirol arloan diharduten enpresetako ordezkariak ere izan direla arratsaldeko aurkezpenean.

Kimu Berri programaren baitan

Kimu berri gazteen arteko ekintzailetasuna sustatzeko programa bat da, eta horretarako, gaur egun gazteria mugitzen dituzten gai eta teknologiak lantzen ditu, kirola eta aisialdia esaterako (adibidez, Kirol materialak, aisialdi zerbitzu berriak teknologia digitalak...).

Ekimen hau elkarlan publiko-pribatuan oinarrituta dago eta hau osatzen duten agenteak Debagoiena eskualdeko garapen estrategiarekin beraien konpromezua erakutsi dute.

Kimu Berri ondorengo erakunde eta entitateek osatzen dute:

  • Debagoieneko Mankomunitatea (Garapen Ekonomikorako Eskualde Agentzia)
  • Isea S. Koop. (Mondragón Korporazioko Ingenieritza eta Zerbitzutako arloko enpresa eta garapen teknologiko gunea)
  • Mondragon Unibertsitatea (Mondragón Goi Eskola Politeknikoa eta Mondragón Enpresagintza S.Coop.)
  • Athlon S. Koop (jarduera fisiko eta osasunaren sustapen eta prebentzioa)
  • Saiolan (Enpresa eta Berrikuntza Zentrua).
Aldi berean, ideia horiek, presente egongo diren mundu honetako hainbat enpresentzat baliagarri izango dira negozio berriak merkaturatzeko orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak