Eskoriatza, Gipuzkoako onena langabeziaren eboluzioan

Leire Kortabarria 2011ko urt. 17a, 12:00

Gipuzkoako udalerri guztien artean, Eskoriatzak murriztu du gehien langabezia tasa azken bi urteotan: 2009an, %1 murriztu zuen, eta 2010ean, %16,2. Hala, urtea 196 langaberekin bukatu du. Azken urteotako urtarrileko langabe kopuruak hauek izan dira Eskoriatzarendako: 2008an, 236, eta 2007an, 141. Datu horiek Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoarenak dira. 

Oro har, Debagoienak -batez ere, Leintz bailarak- askoz datu hobeak dauzka aurten azkenaldian baino: 2008 bukaeratik hona enpleguak hobera egin du kooperatibismoa oso zabaldua dagoen bailara horretan (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza). Bergarak ere hobetu egin du bere egoera.

Noticias de Gipuzkoa egunkariak ematen du horren berri. Nabarmentzen du Arrasaten langabezia txikitu izana 2010an barrena (%-13,6), eta Bergaran ere (%-6,1). Dena dela, esan behar da bi herri horiek zeudela 2009an barrena langabezia gehien handitu zitzaien herrien artean. Hori ez zen Eskoriatzaren kasua izan (langabeziak ez zuen okerrera egin 2009an), eta horretan bakarrenetarikoa izan zen Gipuzkoa osoan, beste lau herrirekin batera.

Gipuzkoan, hirutik baten bakarrik

Gipuzkoako datuen analisia egiten du, eta esaten du, oro har, egoera ez dela ona: langabezia hiru udalerritik baten bakarrik txikitu da, eta Gipuzkoak ez du lortu apirilean hasi zen hobekuntzari eustea. Hala ere, industrian enplegua sortzen hasi da -sektore horrendako, 2009a bukatu zen 9.470 langaberekin, eta orain 8.381 ditu-, eta horren eraginez, Gipuzkoaren egoera ez da hainbeste okertu iazko bigarren erdian, EAEn gertatu den moduan.

Gipuzkoako langabeen %62 zerbitzuen sektorekoak dira, eta hor handitu egin da langabezia: 2010ean 1.401 langabe gehiago erregistratu zituen Enplegu Zerbitzu Publikoak, eta gaur egun 24.722 ditu.

Eraikuntzak 3.688 langaberekin hasi zuen 2010a, eta 3.915ekin bukatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak