Bergaran atzo, eguena, hasi zuten Euskaraldia

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 23a, 18:01

Gaur hasi da Euskaraldia baina Bergarako herritarrek atzo, eguena, egin zuten hasierako ekitaldia eta beraien  txapak jantzi zituzten.

Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa soziologikoa da eta hamaika egunetan ahobiziz eta belarriprestez beteko da Euskal Herri osoa. Ariketari hasiera emateko, atzo arratsaldeko 19:00etan ehunka bergarar bildu ziren herriko plazan Ahobiziri eta Belarripresti ongi etorria egiteko.

Ekitaldia hasi baino lehen eta iraun zuen bitartean, Bergarako Euskaraldikoek photocall bat jarri zuten gerturatutakoek belarriekin, ahoekin eta biboteekin argazkiak atera zitzaten, eta egundoko arrakasta izan zuen.

Ekitaldia hasi zenean, Bergarako Euskaraldiko enpresa, elkarte eta eskoletako ordezkariak udaletxeko balkoira igo ziren Ahobizi eta Belarripresti ongi etorria egiteko. Bitorianatxok Pentekoste jaietan egiten duen bide bera egin zuten panpinek, Euskaraldiko abestiaz plaza girotuz. Udaletxera iritsitakoan Elena Lete alkateak eta Ainhoa Pardina Jarduneko zuzendaritzako kideak hitz batzuk esan zituzten.

Ondoren, “Bixi” eta “Prest” oholtzara igo ziren eta Euskaraldia zertan datzan eta herritarrek 11 egunetan zer egin beharko duten azaldu zuten, umore puntua jarriz. Jarraian, bi entitate sustatzailetako ordezkariek Fagor Ederlaneko  Gotzon Tena eta Bergarako Kirol Elkarteko Iosu Elortza eta Bergarako Euskaraldiko dinamizatzailea igo ziren oholtzara galdera batzuk erantzutera; eta guztien balorazioa oso positiboa izan zen. Dinamizatzaileak “jendearen ilusioa eta gogoa” eta “ariketa ondo egitearen garrantzia” azpimarratu zituen.

Jarraian ekitaldiaren une garrantzitsuena etorri zen: ekimeneko ikur nagusia, txapa, jartzea. Bergarako hamaikakoko kideek (atzo bederatzikoa izan zen) txapa jantzi zuten, eta plazara gerturatutako herritarrak ere hala egin zuten.

Ekitaldia amaitutakoan, “Euskal Herrian euskaraz” abestia abestu zuten eta erraldoiekin eta Bergarako Musika Eskolako lagunekin kantu-jira hasi zen Bergarako kaleetan zehar.  Bergarako Euskaraldiko batzordeak oso positiboki baloratu du atzoko eguna eta jendea oraindik izena ematen ari dela adierazi zuen.

Era berean, Bergarako herritarrei gogoratzen zaie datorren asteartera arte (azaroaren 27ra arte) izena eman ahalko dutela; beraz, oraindik apuntatu ez direnak Barrenkalean dagoen lokaletik pasatu daitezke. Hurrengo egunetan goizez  10:30-13:30 bitartean egongo da zabalik, eta arratsaldez 16:30-19:30 bitartean (larunbatean goizez bakarrik, eta igandean itxita). Euskaraldia.eus atarian ere eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak