Arrasateko doinu indartsuak Txapada Erradikalari hasiera emateko

Txomin Madina Milikua 2018ko urr. 20a, 15:59

The Potes taldeak eman zion hasiera atzo Txapa Irratiak antolatuta asteburuan Bergarako gaztetxean egiten dabiltzan Txapada Erradikala jaialdiari. Kontzertu soila baino gehiago izan zen: Jul Bolinagaren omenezko plaka ere jarri zuten agertokiaren ezkerreko paretan.

Txapa Irratikoek ikasturte berriari hasiera emateko antolatu dute asteburu honetako Txapada Erradikala jaialdia, eta The Potes taldearen ardura izan zen atzo gauean Bergarako gaztetxean jaialdiari hasiera ematea. Arrasatearrak disko berria, Ametsak dira egi erabat bete arte izenekoa, besapean zutela heldu ziren kontzertura. Emanaldia hasteko taldekide denek RIPen Condenado abestiaren bertsio akustikoa jo ostean, lan berriko doinuak izan ziren nagusi kontzertuan zehar. Dena den, bertsioendako tokirik ere utzi zuten; The Poguesen Tuesday morning izan zen horren adibide. Arrasatearrek ikusle dezente erakarri zuten kartzela zaharrera, eta sortutako giroari esker, hasiera indartsua eman zioten jaialdiari.

Jul Bolinaga gogoan

Arrasateko taldeak lotura berezia du Bergarako gaztetxearekin, aurten beteko dira-eta lau urte bertan ematen zebiltzan kontzertu batean Jul Bolinaga taldekidea hil zela. Eta hala, atzo, kontzertuari hasiera eman aurretik, RIPeko kide ohia ere bazenaren omenezko plaka bat jarri zuten agertokiaren ezkerreko aldean.

Gaur eta bihar, musika gehiago

Gaur gauean, 22:30ea, denboraldi berriko programazioa aurkeztuko dute. Ondoren, What a band bergararrek Thousand tons of steel disko berria aurkeztuko dute. Gaua ondo amaitzeko Txapa jaia egingo dute: Haus of beats eta Dj Turtukiña musikariak arituko dira musika jartzen.

Bihar, bestalde, 18:00etan, BBAX Distortsioen Munduan eta Isuo ta Kezman taldeak igoko dira taula gainera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak