goiena.eus

BET kolektiboak bere tokia izango du Donostiako Dan-tz jaialdian

  Kultura  Bergara

Musika garaikidearen eta elektronikoaren topagunea da Dan-tz jaialdia. Iaz hasi ziren egitasmoarekin eta aurten bigarrenez egingo dute. Bada, edizio berri honetan Bergarako BET kolektiboak bere lekua izango du Donostian.

BET kolektiboak bere tokia izango du Donostiako Dan-tz jaialdian
Argazkia: dantz.eu/warrego-valles/ | Ikusi handiago | Argazki originala

"Bigarren edizioa izan arren, nazioarteko maila lortu duen jaialdia da; nazioarte mailan ezagunak diren Dj-ak etorriko dira", azaldu du BET kolektiboko Jokin Guridik.

Gasteszenako areto txikian

Jaialdiak hainbat kokagune izango ditu: Nestor Basterretxea plaza, Tabakalera eta Gasteszena. Hain zuzen, Gasteszenako areto txikian jarriko dute musika bergararrek: "Areto handian nazioarteko Dj-ak egongo dira, eta areto txikia bi kolektibori utzi digute: Donostiako kolektiboari eta guri", dio Guridik. BET kolektibotik parte hartuko dute Dj Balzak –bergararra– eta Dj Aitor_MUk –eibartarra–. "Horiez gain, irudiak jarriko dituzten Vj-ak ere izango ditugu: Dodoma & Anunnaki", gaineratu du Guridik.

Jaialdia abuztuaren 30ean hasiko da, eta musika saioak izango dira abuztuaren 31an eta irailaren 1ean. BET kolektiboak irailaren 1ean, zapatua, izango du bere tokia Gasteszenan.

Sormenaren erakusleiho

"Guretako erakusleiho bat da, Deba bailaran egiten den sorkuntza erakustera emateko modua", dio Guridik. Gaineratu du "poztekoa" dela horrelako aukera bat izatea, eta Dan-tz jaialdian egotea "errekonozimendu" bat dela, bai BET kolektiboari eta baita Bergarako elektronika topaketari ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa