AHTren aurka zuhaitzak landatuko dituzte domekan Angiozarren

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mar. 17a, 11:14
Zuhaitz landaketa iragartzeko asteon egin duten prentsaurrekoa.

AHT Gelditu! Elkarlana taldearen ekimenez domekan Angiozarko frontoian elkartuko dira (10:30), aitzur banarekin, zuhaitzak landatzera joateko; azpiegitura horren kontrakoek uste dutenez, "gero eta arrazoi gehiago" dago AHTri ezetz esateko.

AHT Gelditu! Elkarlana taldeak deituta, Abiadura Handiko Trenaren aurkako zuhaitz landaketa egingo dute etzi, martxoak 19, Angiozarren (10:30). Frontoian elkartuko dira eta aitzur banarekin joango dira zuhaitzak landatzera. Zergatik aukeratu duten Angiozar landaketarako? Bergarako korapiloa, hiriburuetako sarbideekin batera, Euskal Y-aren "giltzarria" delako: "Bertan, lanak aurrera eraman ahal izateko arazo tekniko zein ekonomiko larriak dituzte, eta hori dela eta, hasierako esleipenak baliogabetu ziren eta berriak atzeratzen ari dira", diote.

Domekako ekintzaren deitzaileen ustez, "gero eta arrazoi gehiago" dago AHTri ezezkoa emateko.  Energia kontsumoaren gaia mahai gaineratu dute, besteak beste: "Hurrengo urtean, 400 kilovoltioko Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea eraikitzen hasteko asmoa ei du Red Electrica de España enpresak eta AHTk behar duen energia hornikuntza asetzeko balioko lukeela diote. Gainera, Garoñako zentral nuklearra berriz ere irekitzeko asmoen berri izan dugu. Honek argi uzten digu AHTren proiektua ez dela linea huts bat eta zabortegiez gain, beste hainbat osagai dituela".

"Odoluste ekonomikoa"

Era berean, azpiegitura eragiten ari den eta eragingo duen "odoluste ekonomikoa" aipatu dute AHT Gelditu! Elkarlana taldekoek: "Espainiako Gobernuak 160 milioi euro ezarriko dituela aipatu zuen Iñigo De la Serna Sustapen ministroak. Beranduago, beste 90 milioi euro aipatu zituen. Aldi berean, aurtengo aurrekontuetarako Jaurlaritzak beste 350 milioi erreserbatu ei ditu, baina kopuru hori handiagoa izan daiteke. Odoluste ekonomikoak ez du etenik; pobreek ordaindutako azpiegitura izango da, aberatsek bakarrik erabiltzeko".

"Herritarroi galdetu gabe"

Bestalde, AHTaren bueltan darabilten "politika lotsagarria" salatu dute: "Adosten dutela esaten digute aurrekontuak zehaztu gabe, herritarroi galdetu gabe, datak zehaztu gabe... Aurpegira barre egiten ari zaizkigu; dena martxan dagoela helarazi nahi dute baina ez da horrela. Ezbehar ugari bizitu ditugu eta oraindik eta gehiago bultzatzen dituzte hainbat eta hainbat lan zehaztu gabe aurrera eramatearekin". Amaitzeko, deitzaileek uste dute oraindik garaiz dabiltzala AHT gelditzeko: "Zuhaitzak landatu lurra berreskuratu! AHTrik ez! Natura gure ardura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak