Azken unera arte borrokatu du MUk, baina galdu egin du hirugarren partidua ere

Julen Iriondo 2021ko mai. 15a, 22:41
(Argazkia: MU)

76-72 hartu du mendean Molletek Arrasateko taldea. Partidua asko nahastu da hasieratik, epaileen lanagatik, eta lehia osoan markagailuan atzetik joan eta gero –hamasei puntuko aldeaz ere bai–, minutu eta erdiren faltan puntu bakarrera jarri da MU. Azkenean ezin, baina.

Partidua hasi eta epaileak bihurtu dira protagonista. Lehen minutu horietan egotzi egin dute MUko jokalari Dani Lorenzo, eta arrasatearren entrenatzaileari ere bi teknika adierazi dizkiote. Kontrarioarentzat ere ez dira epaileak ondo aritu, bientzat gaizki.

Zaila izan da, hortaz, jokalariak partiduan sartzea, nahasia zihoan, eta egoera horretan hobeto moldatu dira Molletekoak. Neurketa hasierako 9-0ekoaren ostean, 25-16 amaitu da lehen laurdena; 38-22an hamasei puntuko errenta hartu du Molletek, eta atsedenaldirako aldea murriztu eta bederatzi puntuz atzetik jarri da MU, 44-35. Arrasatearrek jokatzeko era aldatu, defentsan presioa egin, eta erasoa hobeto landu dute, aurkariarengana hurbiltzeko. 

61-53 amaitu da hirugarren laurdena, eta laugarrenean, partidua amaitzeko minutu eta erdiren faltan, puntu bakarrera gerturatu dira arrasatearrak, 73-72. Bizpahiru baloi izan dituzte aurretik ere jartzeko, baina Arrasatekoei ez zitzaien komeni alde txikiarekin ere irabaztea, lau multzoetako bigarren onena izan eta igoera lortzeko bosgarren txartela eskuratzeko aukera apurrei eusteko puntu aldea ere ezinbestekoa baitzen; beraz, luzapena behartu eta luzapen horretan puntu alde hori lortzea izan dute buruan, baina azkenean ez da posible izan, eta 76-72 nagusitu da Mollet.

Datorren urtean ere EBA ligan ariko da, beraz, MU. Salouko igoera faseko hiru partiduak galdu arren, taldeak egindako lanarekin oso pozik agertu da arrasatearren entrenatzaile Iñaki Ogara Arri: "Jokalarien lana txalotu egin behar da, txapelketan egin dutenagatik eta gaur azken unera arte sinistu dutelako sailkapena lortu zitekeela. Denboraldi bukaera polita izan da, nahiz eta helburua lortu ez. Oso pozik noa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak