Lehen koronabirus positiboa atzeman dute Erguingo Herri Eskolan

Hasier Larrea 2020ko ira. 18a, 16:45
Erguingo Herri Eskolako ikasleak klasera joaten.

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasle batek positibo eman zuen ostegunean egindako PCR proban. Ondorioz, astelehenean berarekin egon ziren beste 23 ikasle berrogeialdian aurkitzen dira orain.

Erguingo Herri Eskolak udan zehar landu duen koronabirusaren aurkako kontingentzia plana martxan jarri behar izan du aste honetan, ikasle batek PCR proban positibo eman eta gero. Ostegunean, gurasoen deia jasotzearekin bat, jarri ziren hezitzaileak hartu beharreko neurriak aplikatzen: "Hiru egun atzera egin eta transmisio fokuak detektatu, ikaslea egondako toki guztiak gogoratu, uneoro zeinekin egon den errepasatu... Behin izen zerrenda eskuan, email bat bidaltzen diogu Osakidetzari, eta berau arduratzen da familiekin harremanetan jartzeaz", adierazi du Ana Zubillaga Arrasate Herri Eskolako Erguingo zuzendariak.

Gauzak horrela, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako 24 ikaslek ekin behar izan diote berrogeialdiari, 19 gelakidek eta autobusean kutsatuaren inguruan (bi ilara aurrerago eta bi ilara atzerago) egondako bost ikaslek osotara. Hala eta guztiz ere, klase presentzialak ez dira eten, astelehen hartan hiru klasekide falta izan zirelako ikasgelan, eta horiek klasea jasotzeko aukera eduki dute gaur.

"Dena kontrolpean dagoela entzuten dugu, baina errealitatea guztiz kontrakoa da"

Ana Zubillaga konforme dago Herri Eskolan COVID 19ari ematen ari zaion erantzunarekin: "Umeak lasai eta kontzientziatuta ikusten ditugu, eta irakasleok gure eskuetan dagoen guztia egiten ari gara". Hala eta guztiz ere, amorratuta dagoela adierazi dio GOIENAri, komunikabideek mezu faltsuak botatzen dituztela uste duelako: "Dena kontrolpean dagoela entzuten dugu, baina errealitatea guztiz kontrakoa da; gaur, ostirala, protokoloak ezartzen duen oinarrizko irakasle kopuruarekin aritu gara lehen aldiz. Garbitzaileak traje gabe ari dira lanean, gelak eta produktu desinfektatzaileak falta zaizkigu...".

Bere inguruan nekea nabari duela azpimarratu du hezitzaileak: "Irakasle guztiok ari gara garbitasuna eta osasuna bermatzeko buru-belarri lanean, eta Udaleko langileekin dugun harremanean ere igartzen da beraiek ere lanez lepo dabiltzala. Eskolako zuzendaritza taldekook albo batera utzi ditugu gure egitekoak, eta guri ez dagokigun lana egiten ari gara, uste genuelako prebentzio lanak egiteko profesional bat bidaliko zutela, baina ez da hala izan".

Segurtasun neurriak, inoiz baino beharrezkoago

Zubillagaren iritziz, eskolak toki segurua izaten jarraitzen du: "Ikasleak burbuilatan edo bereizitako taldeetan daude banatuta, eta errespetuz betetzen dute sailkapen hau. Jangelan adibidez bi txanda egiten ditugu, baina badaude gure esku ez dauden puntu batzuk, autobusean datozenean esaterako. Horregatik, eta Mugikortasun Astearekin bat eginez, ikasleei eskolara oinez edo bizikletan etortzea gomendatzen diegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak