Inbertsioa handitzea eta langile kopurua gehitzea eskatu dute, besteak beste, osasungintzako langileek

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 18a, 15:09

Sindikatu gehienek deituta, lehen arretako osasun langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian, Arrasateko eta Oñatiko anbulatorioetan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari hainbat eskakizun luzatzeko helburuarekin.

Azken urteetan egindako murrizketek "sekulako hutsunea" utzi dute osasungintzan, "ahultze kezkagarria" ekartzeaz gain. Orain, gainera, pandemiak "agerian" utzi ditu Osakidetzak dituen hutsuneak. "Hainbat eta hainbat urtetako murrizketak pairatzen ari gara eta oso kezkatuta gaude, Lehen Arretan, batez ere, lan-karga izugarria dagoelako eta ondorioz, herritarrei oso zerbitzu txarra ematen ari garelako, arretaren kalitatea gutxituta eta itxaron zerrendak luzatuta", azaldu du Roberto Guimeransek, Debagoieneko ESIetako LAB sindikatuko delegatuak.

Langileen egoera "jasanezina" dela azpimarratu du Guimeransek. "Ordu asko ari dira egiten lanean eta segurtasun falta sentitzen dute. Hau ez da lan egiteko eta herritarrei zerbitzu egoki bat emateko modua. Pertsona dagoeneko ez dago erdigunean, ez pazientea eta ezta profesionala ere". Hori dela eta, hainbat eskakizun egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari:

• Osasun publikoaren aurrekontua Europako Elkartearenaren batez bestekoaren pare jartzea, eta haren %25 lehen arretara bideratzea.
 • Langile kopurua gehitzea, ezkutuko lanbideetan diharduten langileak egituraren plantillan agerraraziz.
 • Behin-behineko langileak egonkortzea, plantillak sendotuz, profesionalen alde egitea saihesteko.
 • Murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea: erosteko ahalmena, garapen profesionala, aurre-jubilazio sariak eta hitzarmen arautzaile berriaren negoziazioa.
 • Esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzea, enplegua mantenduz.
 • Plantillaren segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea.

Sindikatu gehienek egin dute bat eskakizunekin: Satse, ELA, LAB, SME, SAE, CCOO, UGT eta Esk. "Halako egoera baten aurrean, beharrezkoa da sindikatu guztiek bat egitea. Osasungintza da daukagun altxor preziatuena eta, beraz, zaindu egin behar dugu, zerbitzu on bat eskaini ahal izateko", nabarmendu du Guimeransek.

Oñatiko osasun zentroko langileen elkarretaratzea. Argazkia: Oñatiko osasun zentroa.

Mobilizazio gehiago datozen asteetan

Osasun langileen protestek jarraipena izango dute. Izan ere, irailaren 25ean, ospitale guztietako sarreretan elkarretaratzeak egingo dituzte, 11:00etan. Horrez gain, urriaren 3an, manifestazioa egingo dute Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak