"Mendekuan oinarritutako" espetxe politika aldatzea eskatu dute, zapatuko 'LKRTSN Eguna'-ren ataritan

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 18a, 15:34

Urtero azkena izateko bokazioz egin arren, "tamalez, antolatzen jarraitzeko arrazoi ugari" daudela azpimarratu dute antolatzaileek. Iheslari eta deportatuez gain, Josu Arkauzen eta Unai Paroten "salbuespen egoerak" salatu dituzte –bien artean 57 kartzela urte bete dituzte–. Presoen egoera arintzeko lau eskakizun egin ostean, zapatuko festako egitaraua eman dute aditzera eta "eskerrak" eman dituzte jai egunean parte hartzen duten eragileei. 

"248 euskal preso politikok euren senideengandik ehunka eta milaka kilometrotara sakabanatuak eta isolatuak jarraitzen dute; orain ere, Espainiako zein Europako legedien aurka doazen salbuespen neurri zorrotzenpean. Iheslari eta errefuxiatuek ere, etxera baldintza duinetan itzultzeko aukerarik gabe jarraitzen dute" azaldu dute agerraldi hasieran.

Jarraian, Arrasateko bi presoen egoeran jarri dute fokua. "Herrian, iheslari eta deportauez gain, bi preso ditugu, baldintza jasanezinak sufritzen". 

  • Josu Arkauz: 62 urte, Murciako kartzelan isolatua. 28 urtetako kartzela zigorra beteta, libre beharko luke, baina 2022ra arteko zigorra ezarrita dauka.
  • Unai Parot: 61 urte, Puertoko kartzelan isolatuta. 29 urteko kartzela zigorra beteta, 2031ra arteko zigorra ezarrita dauka. 

Gaur Kulturaten batu direnen izenean adierazi dute "askatasunean biziko den jendarte baten sinesten" dutela, eta "giza eskubideen errespetuak batzen" dituztela. Hala, "mendekuan oinarritutako" espetxe politika aldatzea" eskatu dute, baita hori lortzeko herritarren "bultzada eta konpromezua".

Horretarako, lau lehentasun markatu dituzte:

  • Urruntze politikarekin amaitzea, presoak Euskal Herrira hurbilduz.
  • Europako legediaren aplikazioz, Frantziako eta Espainiako zigorren batura.
  • Euskal presoei %100ean aplikatzen zaien lehen graduko kalifikazioa kentzea.
  • Larriki gaixo dauden presoak duintasunez artatzea. 

Hona hemen, zapaturako prestatu duten egitaraua. Urtero legez, hitzaldi musikal ugari ditu, eta dei egin dute 19:30ean hasiko den presoen aldeko manifestazioan parte hartzera. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak