Zauritu bat Arrasateko txabola baten, sute bat itzaltzen saiatu ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko uzt. 16a, 20:56

Arrasateko Zarugalde kalearen goialdean dagoen txabola baten eman da sutea, Monterron parkean. Suhiltzaileen arabera, jabeak bidoi bati su eman eta ezustean zabaldu egin da. Suhiltzaileak 19:30ak aldera bertaratu dira eta, udaltzainen eta ertzainen laguntzaz, sutea kontrolatzea lortu dute. 

Ondorioz, zauritu bat egon da; sua itzaltzeko lanetan laguntzen ari zen gizonezko bat, hain zuzen. Sastraka artetik erori eta hainbat zauri eta ebaki txikirekin irten da, bere kabuz, bidegorrira. Gutxira heldu da anbulantzia eta bertan artatu ostean ospitalera eraman dute.

Sutea bertatik bertara itzaltzen saiatu den lekuko batek GOIENAri adierazi dioenez, "susto galanta" eraman du gizonezkoaren erorikoa ikusi duenean: "Urduri zegoen sua itzaltzen eta halako baten erori eta sekulako zartakoa hartu du. Ez du hezurrik apurtu baina hainbat zauri egin ditu; adineko gizonezkoa da, gainera. Oxigenoa eman diote eta ospitalera eraman dute".

Lekuko bat: "Urduri zegoen sua itzaltzen eta halako baten erori eta sekulako zartakoa hartu du. Ez du hezurrik apurtu, baina hainbat zauri txiki egin ditu"

Suhiltzaileen arabera, bidoi bati su eman eta kontrol barik zabaltzean eragin da sutea, baina erorikoa izan duen gizonezkoak kezkatu ditu gehien: "Zorabiatu egin da, antza, eta sekulako kolpea hartu du. Hainbat ebaki ditu. Adineko gizonezkoa da, 65 bat urte izango ditu, eta pentsatu dugu akaso bihotzekoren bat edo izango zela. Horregatik sua alde batera utzi eta desfibriladorea jarri diogu; gero ospitalera eraman dute". Sutea eman den lekura heltzea zaila izan dela adierazi du suhiltzaileetako batek.

Monterron parkean jarri dute mangera suhiltzaileek eta hainbat eta hainbat metro behar izan dituzte sutearen lekura heltzeko.

Larrialdi zerbitzuak sua itzaltzen saiatu den gizonezkoa artatzen; zuriz, harekin batera sua itzaltzen aritu den herritarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak