Oñatiko Larraña etxeko errefuxiatuek parte hartuko dute zapatuko St. Pauli zaleen festan

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 23a, 00:05
2016ko St. Pauli eguneko familia argazkia, Kondekua parkean.

Arrasateko Beste Bat! St Pauli taldekoek bederatzigarren St Pauli eguna egingo dute zapatuan. Baina aurtengoa berezia izango da; Oñatiko Larraña etxeko errefuxiatuak gonbidatu dituzte jaiaren parte izan daitezen. 

"St. Pauli futbol taldea berezia da, batez ere, euren estatutuetan jasota dagoelako  sexismoaren, arrazakeriaren eta homofobiaren aurka daudela. Hala, St. Pauliren fan klub guztiek, printzipio horiek propioa hartzen dituzte; baita guk ere, noski" azaldu du Beste Bat! taldeko kide Dirk Morenweiserrek. 

Printzipio horiei jarraiki, taldeko kide batek aurtengo festan parte hartzea proposatu zien Oñatiko errefuxiatuei, CEAR-en bitartez. "Amaiak, taldeko kide batek, Oñatiko errefuxiatuekin egiten du lan, hizkuntza klaseak emanez. Eta berari okurritu zitzaion eurek gonbidatzearen ideia. Guri bikain iruditu zitzaigun; gure baloreekin bat datorrelako, eta eurekin solidario izan behar dugula uste dugulako".

Hala, urtero legez,  Iturripen jokatuko den lagunarteko futbol partidu batekin hasiko dute festa eguna. Ostean, familia argazkia aterako dute Herriko Plazan –14:15ean– eta gero bazkaria egingo dute Montzon elkartean. "Euren elikadura ohiturak errespetatuko ditugu. Baba-jana egingo dugu, baina sakramentuak aparte jarriko ditugu" azaldu du Moreweiserrek. 

Tripa ondo bete ostean, festak jarraipena izango du Basati taberna kanpo aldeko kontzertuekin; Goi & Bego, eta LIbertad Condicional taldeek joko dute bertan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak