goiena.eus

Arrasateko Udalak 573.000 euro jasoko ditu GazteLan garatzeko

  Ekonomia  Arrasate

Gazte Enplegurako Plan Operatiboa garatzeko 572.989,28 euroko diru-laguntza eskuratu du Arrasateko Udalak. Lan merkatuan gazteen integrazio iraunkorrerako eman du laguntza hori Europako Gizarte Funtsak.

Programa 2018. urtean jarriko da martxan; ekainetik aurrera izango da, eta 16-30 urte bitarteko 40 gaztek izango dute parte hartzeko aukera. Plan horretan parte hartuko duten gazteen formazioa osatu eta enplegua lortzeko aukerak hobetu nahi dira.

Arrasateko Udalak jakinarazi duenez, plana abiatu aurretik, "lan merkatuaren, enplegu eskaeren eta Eusko Jaurlaritza nahiz tokiko Administrazio Publikoen enplegu politiken prospekzio bat egin du, baita planeko parte hartzaileak aukeratzeko irizpideen identifikazioa ere".

Gaztelan programa "oso ondo" baloratua

Arrasatekoa izan da Euskadin diru-laguntza handiena jaso duen Udala; Estatu mailan 124 erakunderen artean bosgarrena. Jasotako diru-laguntzaren kopurua ikusirik, Udalak nabarmendu du "GazteLan programa oso ondo baloratua" izan dela.

Hazteko eta enplegua sortzeko aukera gehien duten sektoreetan zentratu da GazteLan plana, eta hiru trebakuntza lerro aurreikusi dituzte:

  • Sistema elektromekanikoen muntaia eta konponketa teknikaria
  • Nekazaritzan teknikaria
  • Elikagai industrian teknikaria

Plana 4 modulutan banatuko da: trebakuntza, lan praktikak, tutoretza eta laguntza ekonomikoa. Guztira zortzi hilabeteko iraupena izango duela aurreikusi dute, bi hilabeteko praktikekin. Formazioa %100 aurrez aurrekoa izango da eta praktikak formazio ekintzaren eduki teoriko-praktikoarekin bat etorriko dira.

Praktikak trebakuntza teorikoa amaitu ondoren edota honekin batera egingo dira; betiere, horren %50 egin ondoren, Arrasateko edota inguruko enpresetan, eta tutore baten gidaritzapean.

Arrasateko Udalaren GazteLan planak jasoko duen diru-laguntza horri esker, bataz beste, 600 euro inbertitu ahal izango dira gazte bakoitzaren formazio teorikoan, 750 euro praktikoan eta 2.400 euro inguruko diru-laguntza jaso ahal izango dute ikasleek, betiere, formazio teoriko nahiz praktikoan asistentzia egiaztatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa