Akats asko eginda galdu egin du MUk

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 18a, 20:36

Ez da izan MUren eguna eta partidu kaskarra jokatu du. Konfiantza faltak akatsak ekarri ditu eta partidu guztian Valle de Eguesen atzetik joan da. Azken segunduetan garaipena lortzeko aukera izan du baina ez du jakin aprobetxatzen eta 55 eta 57 galdu du.

Partidua hasi orduko atzetik izan da MU, jokalariak pattal eta ezin saskiratu jardun dute atsedenaldira bitartean. Hala, Josu Larreategi entrenatzaileak onartu du hasieratik egin dituztela akatsak, defentsan zein erasoan: "Valle de Eguesekoek defentsan jokatu dituzte 40 minutu. Eta guk ez dugu konfiantzarik izan gure saskiratzeetan". Hiruko marratik 15 bat jaurtiketa bota dituzte baina ez dira sartu horiek, eta taula azpitik sartzea ere kosta egin zaie. "Ez baduzu saskiratzen ez barrutik, ez kanpotik, defentsa lan ona egin arren zaila da irabaztea". Hala, 22-30 iritsi dira atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean piztu egin dira une batez MUkoak eta 31-30 aurreratu dira; horixe izan da aurretik jarri diren une bakarra. Laugarren laurdenean puntuak etxean geratzeko ahaleginetan jardun dute eta 38ra berdintzea lortu dute. Azken segunduetan, ostera, puntu bakarrera jarri dira 55 eta 56: "Azken unean, baina, baloia galdu egin dugu eta hortxe bukatu da guztia". 

Satchellek minutu batzuk

Lesionatuta egon den Justin Satchell amerikarrari minutu batzuk eman dizkio Larreategik astean ondo jardun duelako entrenatzen, baina lau bat minutu bakarrik jokatu ditu: "Bere jarrera gaurko partiduan ez zait batere gustatu; lasai irten da eta taldeari ez zitzaion komeni halako jokalari bat kantxan, horregatik kendu egin dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak