"Gardentasunez jokatzeko konpromisoa" berretsi du Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ots. 15a, 20:19

Udal Gobernuak "garrantzi handia" ematen dio gardentasunari eta uste du gaia "joko politikotik atera" behar dela; 2016an 1.041 kexa, iradokizun eta jakinarazpen jaso ziren BAZen eta aurten Udal webguneko Gardentasun Ataria osatzeko konpromisoa hartu dute. Prentsaurrekoa egin dute gaur, otsailak 15, EAJko zinegotzi guztiek; PSE-EEkoak ez dira izan baina bat egiten dute gobernukidearen asmoekin.

Udal Gobernuak uste du alderdi politiko guztien "ardura eta betebeharra" dela gardentasunez jokatzea, eta "joko politikotik kanpo" egon behar den gai bat dela dio. Gardentasunari "garrantzia handia" ematen diotela "garbi" utzita, Udalean sartu zirenetik egin diren lanketak eman dituzte aditzera gaur, EAJko zinegotzi guztiek parte hartu duten agerraldian.

BAZen 2016an jasotako datuen artean aipagarria da urte osoan 1.041 kexa, iradokizun eta jakinarazpen jaso zirela; Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordea –671 ekarpen, %64,4– eta Udaltzaingoa  –212 ekarpen, %20,4– izan dira, nabarmen,  gehien jaso zituztenak. Gainerako zortzi batzordeetan 158 ekarpen jaso dira. "Ez dugu esango hau arrasatear guztien kezken isla denik, baina argazki orokor bat eskaintzen digu", uste du Anuska Ezkurra EAJ udal taldearen bozeramaileak. "Guretako erreminta on bat da herritarren nahiak asetzen saiatzeko, horregatik herritarrak animatzen ditugu zerbitzua erabiltzera".  

Egin dena eta egingo dena

Herritarrei tramitazioak errazteko helburuaren baitan zenbait aldaketa bultzatu ditu gobernuak, 2015eko azaroaren 20an dekretu bidez sortutako Hobekuntza Taldearen bitartez. Trafikorekin hitzarmena sinatzea ibilgailuen helbide aldaketarako, TAO urtero ez berritzekoa aldaketak egitea, ikastaroetan izena online ematekoa aukera eskaintzea, gazte bulegoan argazkia ateratzeko aukera ematea eta familia ugarien agiria BAZetik tramitatu ahal izatea, kasu.

Era berean, Udalaren webgunean Gardentasun Ataria sortu zen eta bertan jasotzen da lehen ez zegoen hainbat informazio, besteak beste, Tokiko Gobernu Batzarraren erabakien laburpenak, kontratu txikien informazioa, ematen diren diru laguntzak –egun ez daude guztiak baina laster jarriko dira– ordainsarien taula sinplifikatua eta hautetsien gaineko informazioa –ondasunen aitorpena eta curriculuma–.

Etorkizunerako erronken berri ere eman zuen gobernuak, 2017an webguneko Gardentasun Atarian txertatuko direnak: batzorde informatzaileetako, bozeramaileen batzordeetako eta Tokiko Gobernu Batzarreko deialdiak eta erabakiak, diru laguntza guztien zerrenda eta hirigintzako plan berezien zein partzialen gaineko informazioa.

Zinegotzien "pribilegioak"

Era berean, azken egunotan zinegotziak dituzten "pribilegioen" gainean irten diren albisteen harira argi utzi gura izan zuten lanerako telefonoei, aparkatzeko txartelei zein Amaia antzokiko zuzeneko ikuskizunak ikusteko sarrerei dagokienez aurreko agintaldian baino zinegotzi gutxiago direla abantaila horiek dituztenak.

Amaiako sarreren harira, Maria Ubarretxena alkateak gogora ekarri du gutxienez 1997tik egiten den zerbait dela: "Zuzeneko emanaldietarako bakarrik ematen dira eta kultura batzordeetara doazen zinegotziei eta alkateari bakarrik. Hasierako helburuak ziren Udalak antolatzen zituen ikuskizun eszenikoei jarraipena egitea eta uneko eskaintzaren berri izatea; badirudi gutxienez duela 20 urte martxan jarri zen kontu bat orain bat-batean pribilegio bihurtu dela". Bada, gobernuak erabaki du hasiera baten jarri ziren helburuak "erabat galbideratu" direnez eta "joko politikoaren parte" bihurtu, aukera hori ez ematea. Aurrerantzean ez da sarrera gehiago banatuko zinegotzien artean.

Diru laguntzak kirol taldeei

Kirol taldeei ematen zaizkien diru laguntzak ere eztabaida iturri izan dira azken egunotan: "Martxoaren 1ean bilera egingo dugu kirol taldeekin diru laguntzaren justifikazioa ondo egin dezaten. 2015etik 2016ra 70.000 eurotik 100.000 eurora igo dugu partida eta aurten ere kopurua mantenduko dugu. Justifikazio horiek, legea betetzeko beharrak, eragin dituzte atzerapenak ordainketetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak