Euskaraz bizitzeko hautua egin dute Arrasateko EHEko gazteek

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko eka. 16a, 11:47

Arrasate euskaldun bat aldarrikatzen dute, eta horretarako Euskal Herrian Euskaraz-etik kanpaina berri bat abiatuko dute, San Juan jaietan. Arrasateko gaztiok euskeraz bizitzera goiaz, da kanpainaren leloa.

"Arrasateko gaztiok aurrera pauso bat eman eta euskaraz bizitzeko hautua egin dute. Aurreko belaunaldiek sortutako Arrasate euskaldunaren aldarria geure egin eta norbanakoen konpromisotik jauzi kolektibo bat egitera goaz herri euskaldun batean bizi ahal izateko", azaldu Arrasateko EHEk.

"Arrasateko gazteak euskaldun eleanitzak gara, hau da, euskara eta gaztelera denok dakizkigu eta gutako asko hirugarren hizkuntza batean ere moldatzen gara. Hizkuntza aukeratzeko gaitasuna eta eskubidea daukagulako euskaraz bizi nahi dugu. Pertsona eleanitzez osatutako Arrasate euskalduna dugu helburu. Horretarako, Arrasateko hizkuntza ofizial bakarra euskara izatearen beharra aldarrikatzen dugu. Euskaraz bizitzeko, ezinbestean, oztopo administratibo eta legalak gainditu behar dira", azpimarratu dute.

"Gure hizkuntza gutxitua dela kontuan izanik, Arrasateko gazteok beharrezkoak diren arau eta politikak exijitzen dizkiogu administrazioari eta hauek kudeatzen dituzten agintariei. Arrasate euskalduna aldarrikatzen dugun euskaltzaleok geure egiten ditugu honako aldarrikapen hauek":

- Lagun artean, familian, eskolan, aisialdian eta lanean euskara erabiltzea.

- Administrazioa euskalduna izatea eta barne zein kanpo harreman guztiak euskara hutsean izan daitezela exijitzea.

- Euskaraz modu aktiboan aritzea; hizkuntzaren aurkako eraso oro salatzea.

- Biztanle guztiei bertako hizkuntza irakastea.

- Hezkuntza ereduak gainditu eta hezkuntza eredu bakarra euskalduna izatea.

- Herria euskararen arnasgunea bilakatu eta horri egokitutako paisaia linguistikoa sortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak