Oihana Arietaleanizbeaskoa: "Esperientzia polita bezain gogorra izan da"

Jone Olabarria 2019ko urr. 18a, 10:14
Oihana Arietaleanizbeaskoa aretxabaletarra Mozambiken

Mundukiderekin batera Mozambiken izan zen udan Oihana Arietaleanizbeaskoa aretxabaletarra. Aitortu du han ikusitako errealitateak aurretik zituen usteak "askogatik" gainditu dituela, baina aukera "oso aberasgarria" izan dela azaldu du.

Oihana Arietaleanizbeaskoa Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeko kide aretxabaletarra Mozambiken izan zen udan, Mundukidek Afrikako herrialde horretan zuzentzen duen nekazaritza programa ezagutzeko. Hain zuzen, Hiruatx elkartea Mundukide elkartearen sortzaileetako bat da, eta baita fundazioaren patronatuko kide ere.

Lehenengo aldia zuen Arietaleanizbeaskoak Mundukidek zuzentzen dituen proiektuak "hain gertutik" ezagutzen, eta kooperanteek egiten duten lana "izugarria" iruditu zaiola aitortu du: "Esperientzia polita bezain gogorra izan da; batez ere, Mozambike bezalako herrialde txiro bateko bizi baldintzak nik uste baino gogorragoak dira. Mundukidek herrixka txikiak ezagutzeko aukera eman dit, turismotik aldenduta dauden herrixkak ikusteko. Hasierako inpaktua handia izan zen, baina oso aberasgarria izan da".

Mundukideren lana

Hango jendearengan Mundukideren lanak duen inpaktua "oso positiboa" dela azaldu du aretxabaletarrak: "15.000 nekazarirengana iritsi da Mundukideren proiektua; ondorioz, 75.000 bat pertsonarengana. Bizi baldintzak hobetzen laguntzen du".

Kooperazioaren garrantzia

Kooperanteen lana "izugarria" iruditu zitzaiola azaldu du, eta"gogorra" benetan: "Oso lan bakartia da, sakrifizio handikoa eta bizi baldintza exkaxekoa. Bestalde, hango jendearekin kooperatzea, haien proiektuan integratzea eta kontaktu onak izan eta mantentzea ezinbestekoa eta txalotzekoa da". Bidaiak "gurean duguna gehiago baloratzen" irakatsi diola adierazi du: "Oinarrizko gauzetatik abiatuz; esaterako, iturri azpian dutxa bero bat hartzetik, oporrak izatera arte".

Kros solidarioa

Bestalde, domekan, hilak 20, Urkulun, Kooperatiben Arteko IV. Mundukide Lasterketa Solidarioa jokatuko da; Mozambike, Brasil eta Kolonbiako milaka pertsonaren gaitasun sozioekonomikoa sendotzen jarraitu ahal izateko babesa lortu nahi du Mundukidek kirol topaketa erakargarri honekin. Hain zuzen, lasterketari esker jasotako dirua Mozambikeko programara bideratuko dute.

Hiru modalitate egongo dira: kooperatibetako kideen arteko lasterketa, hiru pertsonako taldeetan; nordic walking erakustaldia; eta oinezko ibilaldia, publiko guztientzat. Probei goi-zeko 10:30ean emango zaie hasiera, Urkulun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak