Euskara oinarri, lau kontinente Aretxabaletan

Aretxabaletan egin dute gaur goiz-eguerdi partean Euskaltzaleen Topaguneak sustatzen duen Auzoko egitasmoaren VI. jaia. Herriko taldeaz gain, Oñatikoa, Arrasatekoa, Gasteizkoa eta Eskoriatzakoa ere batu dira euskara ardatz hartuta jolasez, janariz eta dantzaz zipriztindutakoa izan den jaira.

Maroko, Ukrainia, Sahara, Euskal Herria, Afganistan, Pakistan, Paraguay, Iran, Honduras, Euskal Herria, Espainia.... herrialde horietako guztietako jendea elkartzea lortu du gaur Aretxabaletan egin duten Auzoko egitasmoaren VI. jaiak.

Aretxabaletakoaz gain, Oñatiko, Arrasateko, Eskoriatzako eta Gasteizko Auzoko taldeetako kideak batu dira bertan. Eguna hasteko, kanpoko taldeei harrera egin diete aretxabaletarrek, eta ondoren kalejiran joan dira Herriko Plazara. Han ongietorri hitz batzuk esan dituzte Aretxabaletako Auzokoren dinamizaitzaile Paloma Martinezek; Euskaltzaleen Topaguneko presidente Elena Lakak; eta jarduneko kultura zinegotzi Aitor Gabilondok; eta Martin Berrizbeitiak bertso bat bota du.

Denek batera Muresgok eta Oiongo herriak sortutako Habibi maitea. Tala al badru alayna kantua abestu eta gero, ederki asko eta umore ona nagusi zela ibili dira Auzokoren bileretan egiten dituzten dinamiketan. Behin hori bukatuta, mokadutxoa egiteko aukera ere izan du hala gura izan duenak, beste herrietatik joandako taldeek munduko hainbat txokotako jakiak eroan dituzte eta. Eta jaiari amaiera emateko, bertako eta kanpoko musikarekin dantzaldi animatua egin dute. Jai guztian zehar egon dira, gainera, henna egiteko eta tea hartzeko txokoak.

Euskara, aniztasunean elementu komun

Bai jaian parte hartu dutenak eta baita antolatzaileak ere gustura azaldu dira festaren emaitzarekin. Euskaltzaleen Topaguneko aniztasun teknikari Jurdana Martinek, egon den jatorri nahasketa azpimarratu du: "Gure herriak  gero eta anitzagoak dira; lurralde, kultura eta hizkuntza ezberdinetako jendea dago eta polita da gu denok elkartzeko guneak eta uneak sortzea. Guk denok konpartitzen dugun elementua bada euskara; hala, elkartzen garenean euskara sustatzen dugu, baina baita beste kultura eta hizkuntza batzuk balioan jarri ere".  

Paloma Martinezek, bestalde, esan du gaurko erronketako, herriko bertako jendea eta elkarteak festara batzea, gainditu dutela: "Integrazioa eta euskalduntzea ezinezkoa da bertakorik gabe. Basotxoko erretiratuak etortzea lortu dugu. Beste herritar batzuk ere etorri dira, eta hartu dute parte". Egun, hamabi pertsona daude Aretxabaletako Auzoko taldean, eta gaurko egunarekin, taldera eta euskarara kanpotik etorritako jende gehiago erakartzeko itxaropena duela gaineratu du Martinezek

Erlazionatuak