"Idazten ez dugu ikasi, eta trebatu egin nahi dugu"

Julen Iriondo 2019ko uzt. 29a, 10:33
Oskar Elizburu eta Migel Loiti.

Norbere euskara hobetzeko ikastaroa jarri nahi du martxan Alaiak erretiratuen elkarteak irailean, AEKrekin batera. Euskalkiarekin eta batuarekin egingo dute lanketa, eta testu motzak irakurri eta idazteko trebetasuna izango dute helburu, 60 orduko ikastaroan.

Batuari dagokionez, eta eguneroko ahozko harremanetarako euskalkiarekin ondo moldatu arren, zenbait egoeratan baliabide hori izatea ere komeni izaten dela-eta egingo dute lanketa; bestetik, zuzen idazteko –mezu elektroniko bat, adibidez– trebetasuna ere landuko dute: "Guk idazten ez dugu inoiz ikasi, eta poliki-poliki trebatu nahi dugu idazten, komunikatzeko beste modu hori ere aukeran izan dezagun. Whatsappez-eta ibiltzen gara, baina hanka-sartze asko egiten ditugu. Bestetik, ahozkoari dagokionez, kanpoko inori harrera bat egin beharko banio, adibidez, arazoak izango nituzke", dio Migel Loitik, Alaiak erretiratuen elkarteko presidenteak.

Horren harira, ondorengoa dio Loitik: "Arabako erretiratuen elkarte guztiek topaketa bat egiten dugu, urtero leku desberdin batean. Aurten, Bastidan egin da, eta batek esan zidan egunen batean Aramaion egin behar dugula. Eta zergatik ez? Baina nahiko nuke kanpotik etorriko balira harrera bat egiteko modua edukitzea".

Hamar lagun inguruko taldea osatu nahi dute, urtean zehar astean bi orduko saioak egiteko. Erdia-edo badaude dagoeneko, eta asmoa da irail erdirako taldea osatu eta eskolekin hastea. AEKtik etorriko da irakaslea.

AEK-ko Oskar Elizburuk dio ondo dagoela batuarekin halako nolabaiteko kontaktu bat eduki nahi izatea: "Kartelak eta ipintzerakoan, adibidez, akatsak egiten dituzte; eguneroko gauza txikiak ondo jartzea litzateke kontua, ordutegiak, eta abar, edo oharrak, edo...".

Memoria tailerra

Memoria tailerra ere iragarri zuten Alaiak elkartetik uda honetan bertan hasteko, baina, kasu honetan ere, taldea osatu nahian ari dira oraindik. "Nik uste dut elkarte askok dugun arazoa dela; jendeak ez du konpromisorik hartu nahi, eta asko kostatzen da jendea topatzea", dio Loitik.

Tailer horretan, memoria lantzeko askotariko ariketak egitea nahi dute: kalkuluak, irakurketa, idazketa...

Jendea aktibatu nahi du elkarteko presidenteak, eta beste ekintza batzuk ere baditu buruan: "Udazken hasieran egin nahi dut hitzaldi bat alderdi fisikoari buruz: aulkian nola jartzen garen, nola zutitzen garen, ze arrisku egoten den etxean, nola mugitzen garen etxean... Horrekin batera, nordic walking delakoa ere landu nahi nuke, ideia batzuk eman, bi makilarekin eskuak nola mugitzen diren, giharrak, eta abar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak