San Juan suaren eskutik etorriko da sagar dantza

Gaur iluntzean jasoko dute arbola Herriko Plazan eta San Juan zortzikoa dantzatuko dute suaren bueltan antzuolarrek. Ekintzez beteriko asteburu dator, herriko festa nagusien aurretik motorrak berotzen hasteko. Jarraian egitaraua:

Aurtengo Kalebarrengo festak San Juan bezperako festaren eskutik datoz. Hala, gaur emango zaie hasiera Kalebarrengo festei haurren danborradarekin, 19:30ean. Ondoren, plazan, arbola jasoko dute eta 21:00etan herri afaria egingo da. Sua piztu ostean, San Juan zortzikoa dantzatuko dute Oinarineko dantzariek; dantza herrikoiagoa ere izango da nahi duten guztiek dantzatzeko. 23:00etan Patxi Luque antzuolarraren zuzeneko emanaldia  izango da Zurrategin.


Sagar dantza, zapatuan
Mural kooperatiboa egingo dute zapatu goizean 11:00etan hasita eta ondoren, ginkana Peña Aiastuiren eskutik. Arratsaldeko lau t'erdietan haurrendako jolasak izango dira Idolaz aisialdi taldearen eskutik. Baita mus txapelketa ere 16:00etan hasita. Buruhandiak, berriz, 18:00etan irtengo dira. Iluntzean Arbola jasotzea egingo da Ondarreko gaiteroekin. 20:30ean, Aldats elektrotxarangak girotuko du iluntzea; ondoren afaria egingo da Zurrategin. Afalostean Trikimailu taldearekin dantza egiteko aukera izango da; eta gauerdian herriko bikoteek sagar dantza tradizionala egingo dute.


Domekan, aldiz, goiza txistularien goiz-eresiak abiatuko du. Ondoren meza egingo da eta salda eta txorizoa banatuko dute Kalebarrenen. 12:00etan dantzari gazteek emanaldia egingo dute. 18:00etan, Kiki eta Koko pailazoen eskutik, Katapun txispun haurrendako ikuskizuna izango da.