Itzulia Womeneko lehenengo etapak Debagoiena zeharkatuko du bihar, egubakoitza. Baina, etaparen ibilbideak ez du ziklistez bestetan moduan gozatzeko aukerarik emango, Debagoienean ez dutelako mendaterik igoko, eta txirrindulariak Arrasateko eta Bergarako saihesbideetatik joango direlako kostalderantz, Debatik bueltan etapa Elgoibarren amaitzeko.
Lasterketa Oletatik (10:45) sartuko da bailarara –gizonezkoen Itzuliak egin zuen moduan– eta oraingoan ere tropela duela hilabete eta erdi horren ezagun egin zen San Kristobalgo kurbatik pasako da. Kurba hartan eroriko larria izan zen, eta erretiratuen artean Jonas Vingegaard, Remco Evenepoel edota Primoz Roglic moduko ziklistak egon ziren. Oraingoan zilkistak kontu handiagoz pasako dira bertatik, seguru.
Bada, txirrindulariek Kurtzeta jaitsiko dute jarraian, eta Aramaio saihesbidetik pasako dute (11:00). Arrasatera iritsi aurretik Olandixoko tunela gurutzatuko dute, eta behin saihesbidea hartuta Elorregitik lehenengo (11:20) eta Bergaratik gero (11:30) pasako dira. Esan moduan, bailara azkar zeharkatuko dute.
Behin txirrindulariak Elgoibarrera iritsita, hor bai, Azkarateko maldak izango dituzte zain, eta Azkoitira jaitsita kostalderantz hartuko dute, Debatik itzulia egin eta gero ostera ere Elgoibarrera etortzeko. Hor egongo da helmuga.