'Aste ta jai, beti alai' dio Pentekosteetako kartelak

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 10a, 10:02

Mikel Aginagalde, Bitorianatxorekin batera, kartela eskuan duela. (Argazkia: Andoni Goiti)

Mikel Aginagalde ilustratzailearen kartelak irabazi du kartel lehiaketa, beste hamahiru diseinuak atzean utzita. Jardun elkarteak antolatutako zapiaren marrazki eta lelo lehiaketa, berriz, Ur Asurmendik, Manex Balentziagak eta Erik Bretañak irabazi dute.

Hamalau izan dira aurtengo kartel lehiaketara aurkeztutako diseinuak. Azkenean, Mikel Aginagalde ilustratzaileak eskuratu du garaipena. Pozik dago artista bergararra: "Herriko jaietan nork bere lana ikusteak ilusioa egiten du, bai kaletako karteletan ikusteak, bai herritar guztiei etxera helduko zaiela jakiteak". Bizitzan behin egin beharreko zerbait dela ere adierazi du: "Oso pozik nago. Bergarako artista bezala kartel lehiaketa irabaztea bizitzan behin egin beharreko zerbait da".

Estilo fresko, sendo eta alaia erabiltzen du Aginagaldek bere lanetan. Diseinu horretan jai giroa irudikatu nahi izan du: "Lan egiterakoan erabiltzen dudan metodoa gaiaren inguruan dudan iruditeria hartzea da. Bergarako jaiak izanda, Bitorianatxo, Felixin eta Guti, erraldoiak eta jai giroa, oro har, irudikatu nahi izan ditut".

Zapi lehiaketa

Urteroko legez, Jardun elkarteak jaietako zapirako marrazki eta lelo lehiaketa antolatu du. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: "Inoiz baino parte hartze handiagoa izan da eta, guztira, 190 marrazki jaso ditugu: 172 haurrenak eta 18 helduenak". Ur Asurmendi Garciak irabazi du haurren marrazki lehiaketa. Helduena, berriz, Manex Balentziaga Galfarsorok eta Erik Bretaña Murillok irabazi dute. Bi zapien leloa ere azken horiek proposatutakoa da: Egin deixela eztanda euskeriak.

Helduen eta haurren lehiaketetako irudi irabazleak.

Zapiak datorren astetik aurrera egongo dira eskuragarri, Jardunen bulegoan –Oxirondo plaza 2, azoka–, 3 euroren truke. Horrez gain, maiatzaren 16an 19:00etatik 21:00etara Irala kalean eta maiatzaren 17an 17:00etatik aurrera San Martin plazan salmenta-puntua jarriko dute Jarduneko kideek, herritarrek zapiak eros ditzaten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak