Mexikoko kantu eta doinuez gozatzeko aukera izango dute zapatuan arrasatearrek, hirugarren Mariatxi Festa antolatu duelako Ibai-Artek. Hala bi kontzertu izango dira. Lehenengoan Tolin el Mariatxi Santurtziko mariatxiak girotuko du bermutaren ordua (13:00) Txoko taberna parean. Arrasatetik Mexikora eramango ditu herritarrak bere rantxera eta boleroekin.
Arratsaldean (19:00) berriz, Txingones de la Rencle taldearen txanda izango da herriko plazan. Igúzquizako eta Iruñeko musikari gazteek osatutako Mariatxi bat ikusi ahal izango dute plazara gerturatzen direnek; bakoitzaren estilo eta nortasun propioaz, notetatik haratago doan harmonia sortuz, rantxera ezagunenak eskainiko dituzte.