Kulturateko pintura tailerrak antolatuta, Ura, lurra, airea erakusketa egingo dute Kulturaten. Gaur izango da erakusketaren irekiera, 19:00etan. Bestela, maiatzaren 11tik 24ra bitarte egongo da bertan erakusketa, eta 17:30etik 20:30era egongo dira lanak ikusgai. Pintura tailerreko ikasleen lanak egongo dira ikusgai erakusketan. Tailerreko irakasle Amaia Bengoak adierazi duenez, lauzpabost urte pasa dira azken erakusketa egin zutenetik, eta herritarrei egindako lan eta aurrerapenak erakusteko gogo handiz daude. Erakutsitako lanak bi motatakoak izango dira, bakarka egindako lanak eta lan kolektiboak: "Bakarkako 55 lan inguru jarriko ditugu, eta taldean egindako hiru lan. Guztira, 100 bat mihise izango dira".
Hiru elementuak
Erakusketaren izenak ondo erakusten duenez, hiru elementu jorratu dituzte pintura tailerreko ikasleek: "Erromantikoak oinarritzat hartuta egin dugu lan, eta, horren harira, hiru elementuak, ura, lurra eta airea, landu nahi izan ditugu". Taldekako lanek elementu bakoitza islatzen dute: "Airea lana ekaitz batekin hasi eta zuhaitz lehor batean amaitzen da, muturreko egoera atmosferikoak islatuz". Zuhaitz horretatik abiatzen da Lurra lana: "Zuhaitz horretatik hasten da lana, baina deskonposatuz joaten da, artelan abstraktu batean amaitu arte". Amaitzeko, Ura lana jorratu dute: "Lurraren lanari jarraituz, itsaso abstraktu batean hasten da ura, eta gizakiaren eta naturaren borroka islatzen duen itsaso zakar batean amaitzen da".