Igor Leturia: "Euskararentzako itzulpen tresnak garatzen jarraitu behar dugu"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 6a, 11:30

Igor Leturia arrasatearra.

Euskararen mehatxuak eta aukerak adimen artifizialaren etorrerarekin hitzaldia egingo du Igor Leturiak (Arrasate, 1971). Etzi izango da, maiatzaren 8an, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan, AEDk antolatuta. Adimen artifizialaren garapenarekin lotuta, euskarazko itzulpenak azkar eta ondo egiteko tresnak garatzea funtsezkotzat du.

Nola definituko zenuke adimen artifiziala?

Adimen Artifiziala (AA), izatez, informatikaren edo konputazio-zientzien azpiarlo bat da, helburu duena gizakion edo izaki adimendunon berezkotzat jotzen diren gaitasunak (ikusmena, ahozko hizkuntza, hizkuntza idatzia, gidatzea, arrazoiketa...) imitatuko dituzten makinak sortzea eta horretarako tekniketan ikertzea. Azkenaldian terminoaren beste erabilera batzuk ere zabaldu dira. AA izen generikoa ematen zaie arloan azken urteotan baliatzen ari diren eta aurrerabide handiena ekarri dioten teknikei, hala nola sare neuronalei edota lengoaia-eredu handiei ("hau adimen artifizial bidez egingo da" esaten denean, adibidez). Eta baita teknika horiek erabiltzen dituzten sistema, zerbitzu edo tresnei ere ("adimen artifizial batekin egin dut hori" erabileran bezala).

Zer da Orai NLP eta zertan dihardu lanean?

NLP (ingelesez Natural Language Processing, Lengoaia Naturalaren Prozesamendua) da adimen artifizialaren arlo bat, hizkuntza ahozko zein idatzizkoarekin zerikusia duten gaitasunekin lan egiten duena: hizketaren transkripzioa eta hizketa sintesia, testuen ulermena edota laburpena, galderen erantzutea, testuen sorkuntza... Eta Orai NLP Teknologiak da Elhuyarrek euskararentzako NLPan ikerketa egiteko sortutako zentroa. Lan egiten dugu ikuspegi etiko, kritiko eta arrazoizko batetik. 15 bat pertsona gara gaur egun.

Zuk, bereziki, ze ardura duzu hor?

Orai zentroko bi arloetako baten arduraduna naiz, hizketa-teknologiena (bestea testu-teknologiena da). Ahozko hizketaren ezagutzan eta sorkuntzan aritzen gara lanean: azpititulazio automatikoa, zuzeneko transkripzioa, hizketaren sintesia, ahotsen imitazioa...

Nola ari zaie eragiten adimen artifizialaren garapena hizkuntza gutxituei? Eta euskarari, bereziki?

Hizkuntza gutxitu denak ezin dira zaku berean sartu, bakoitzaren egoera, baliabideak eta abarrak oso ezberdinak dira eta adimen artifizialak oso modu ezberdinean eragiten die. Euskararentzat asko garatu izan da eta garatzen ari da adimen artifiziala, guk eta baita beste erakunde batzuk ere, bertakoak zein ez. Eta horrek, dudarik gabe, maila handian eragiten dio euskarari, aukera ugari sortuz eta baita mehatxuak ere. Baina beste hizkuntza gutxitu batzuentzat askoz gutxiago egiten ari da edo ezer ez, eta kasu horretan eragina askoz okerragoa da: aukerak ezin dituzte baliatu, erabilera-esparruak galtzen dituzte, gero eta baztertuago geratzen da...

Zein da, alde horretatik, euskarak duen mehatxu nagusia?

Esango nuke euskara ez beharrezkoa bihurtzea izan daitekeela mehatxu nagusia. Etorkizunean euskaraz sortutako idatzizko zein ikus-entzunezko edukia automatikoki beste hizkuntza batzuetara bihurtu badaiteke, edo ahozko komunikazioan ere makinek aldibereko itzulpena egiten badigute, zertarako ikasiko du inork euskara, edo zertarako saiatuko da inor euskaldunokin euskaraz egiten edo euskaldunontzat euskaraz sortzen? Hala ere, hau erlatibizatu egin behar da. Esango nuke euskara ikasi edo erabiltzen duten gehienen motibazioa sentimentala edo atxikipenezkoa dela praktikoa edo errespetuagatikoa baino, eta horretan egin beharko da indarra etorkizunean ere. Beste mehatxu bat euskararen ikusezintasuna izan daiteke, jendeak ez jakitea automatikoki itzulita jaso duen zerbait euskaraz sortua izan dela. Baina mehatxuok beste edozein hizkuntzari ere aplikatu dakizkioke. Puntu horretara iristen bagara, gaztelania edo are ingelesa ere ikasi beharrik ez da izango! Bakoitza bere hizkuntzan aritzeko oztoporik ez legoke.

Nola egin diezaioke aurre erronka horri? Zeintzuk dira tresna aproposenak horretarako?

Egoera hipotetiko horretara iristen bagara, desorekan ez egotea edota atzean ez gelditzea beharrezkoa da. Pentsatu hizkuntza handienek eta hegemonikoek itzulpena azkar eta ederto egiteko tresna automatikoak dituztela eta bakoitza bere hizkuntzan aritzeko edo dena bere hizkuntzan jasotzeko arazorik ez dutela, eta euskarak ez duela horrelako tresnarik; orduan, edukirako sarbidea edo komunikazioa beste hizkuntzen bidez egin beharko dugu euskaldunok. Hori ez gertatzeko, teknologia hauek euskararentzat ahalik eta gehien garatzen jarraitzea eta beste hizkuntzen mailan (edo ahalik eta hurbilen) egoten jarraitzea da.

Egoera honetan, ze bide zabaltzen zaio euskarari? Ze aukera ditu?

Esan bezala, etorkizun horretan eta teknologia izanez gero, guk ere ez genuke oztoporik izango gure hizkuntzan aritzeko. Ez genuke ingelesez egin beharrik atzerritarrekin aritzeko, ezta hemen bertan gaztelaniara pasatu beharrik ere ez dakitenekin hitz egiteko. Era berean, eduki sortzaileek euskaraz sortu ahal izango lukete eta mundu osoko audientziara iritsi. Eta guk ere edozein hizkuntzatan sortutako edukia euskaraz jasoko genuke, betidaniko gure eskaera izan dena egi bihurtuta! Gauza hauetako batzuk gaurdanik egin daitezke: euskaraz sortzen dugun zenbait eduki guztiz automatikoki edo oso zuzenketa lan gutxirekin azpititulatu daiteke beste hizkuntza batzuetan, euskaraz idatzitako e-mailak ingelesei bidali diezazkiekegu eta itzulpen automatikoz itzuliko dute eta alderantziz, Telegram taldeetan bakoitza bere hizkuntzan aritu daiteke eta ulertzen ez dutenei bot-ak itzuliko die...

Euskararentzat, ze garrantzia du adimen artifizialaren arloan ondo kokatuta egoteak etorkizunera begira?

Ezinbestekoa da. Bestela, beste hizkuntzen bidez komunikatu beharko gara edo beste hizkuntzen bidez jasoko ditugu edukiak. Orain arte bezala, baina okerrago, ze teknologia baduten hizkuntzei beraienari eusteko erraztasunak emango lizkiekeelako teknologiak. Esparru eta erabilera-eremu berriak galduko genituzke. Euskara adimen artifizialean nahiko ongi dagoelako ez gara konturatzen zer galduko genukeen, baina gurea baino egoera okerragoan dauden hizkuntzek argi dute beharrezkoak direla. Orai zentroan okzitaniera eta aragoiera bezalako hizkuntzen erakundeekin elkarlanean aritzen gara, gure laguntzarekin asko egin dute aurrera oso denbora gutxian (itzulpen automatikoa, hizketa ezagutza eta hizketa sorkuntza bezalako teknologiak izatera iritsi dira) eta ikaragarri eskertuta eta pozik daude. Arrazoi praktikoez gain, hizkuntzaren prestigioa, hiztunen komunitatearen ahalduntzea eta beste gauza asko aipatzen dituzte.

Gizartea zenbateraino da kontziente horretaz? Informazio nahikoa badugu?

Argi eta garbi, ez. Zenbait jendek asko jota itzulpen automatikoa ezagutu eta erabiliko dute, baina beste tresna asko ere baditugula ez dakite gehienek, eta gaztelaniaz edo ingelesez komunikatzera edo sortzera jotzen dute. Pentsa, jende gehienak telefonoa euskaraz jarri ere ez du egiten, eta klik bakarra egin behar da! Ez dakit ezezagutza den, edo aurreinstalatuta datozen gauzak soilik erabiltzeko utzikeria... Baina ez gara konturatzen zein garrantzitsua den tresnak euskaraz erabiltzea, euskaraz sortzea eta kontsumitzea, euskarazko adimen artifizialeko tresnak baliatzea... Erabilera datu horiek ezagutzen dituzte tresnen sortzaileek, erabiltzen direla ikusiz gero gehiago landuko dituzte, gero eta hobeak izango dira eta hala gero eta gehiago erabiliko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak