Aramaioarrentzat egun erreferentea dena ospatuko dute bihar: hain zuzen ere, Lorabarri azoka egingo dute 11:00etatik 14:00etara bitartean, Bizente Goikoetxea plazan. Dagoeneko Lorabarri Astearen hamabigarren edizioa da eta oraingo honetan ere elikagai ekologikoen salmahaiak izango dira nagusi. Hala ere, kosmetika naturala eta erleen argizariz egindako oihalak erosteko aukera egongo da.
"Denak dira ekoizle txikiak, modu ekologikoan produktu ekologikoekin lan egiten dutenak. Horietako batzuk urte osoan ekonomatuan edo Aramaion eskura dauzkagunak. Saiatzen gara berritzen ikusteko zer-nolako aukerak dauden bertatik bertara, behar ditugun elikagai horiek kontsumitzeko eta elikadura burujabetza lantzeko", dio Aramailur kontsumo elkarteko kide eta egitasmoaren antolatzaileetako bat den Irati Mujikak. Honako hauek izango dira azokan izango diren ekoizleak: Aramaioko Euzki okindegia, Angiozarko Aterpe olio ekologikoa eta gaztaina-irina, Maringo argizari-oihalak, Garaiko kontserba ekologikoak eta garagardoak, Orendaingo Izpiliku kosmetika naturala, Fikako Olatxuko labore ekologikoak, Etxetxiki ortuari ekologikoak, Oreindaingo Larreta esneki ekologikoak eta Bidezko Merkataritza.
Halaber, Aramaixo Bizirik taldeak jatekoa eta edatekoa eskainiko ditu.
Amillubirentzat ekarpenak
Zestoan dagoen eta Biolurrek abenduan martxan jarri zuen proiektua da Amillubi. Bertako lurrak modu kolektiboan babestea du helburu nagusi, eta diru-bilketa bat dauka abian. "Aurrez, Aramailur kontsumo elkarteak egin du diru-ekarpena Amillubirako, eta azoka aprobetxatuko dugu herritarrek informazioa eduki eta proiektua ezagutu dezaten, eta, aldi berean, diru ekarpenak jasotzeko", aurreratu du Mujikak.
Liburu aurkezpena, atzeratuta
Aramaion kokatu duen Alianza de sangre eleberria aurkeztekoa zen Haizea Lopez idazlea Sastiñako ermitan, baina arrazoi pertsonalak tarteko atzeratu egin du, urrira, Jubilatuen Eguneko Azokara.