Aitor Elortza: "Osasungintza mundurako ingeniaritza logistikoa gara"

Mireia Bikuña 2017ko uzt. 21a, 08:30

Health Operations Management Engineers enpresak irabazi du 27. Toribio Etxebarria sarietako bat. Enpresa horretako kidea da Aitor Elortza arrasatearra, Miguel Mediavillarekin eta Xabier Zubizarretarekin batera.

Zorionak sariarengatik! Zer saritzen dute Toribio Etxebarria sariek?

Ekintzaile berrien lana aitortzeko eta ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatzeko sariak dira. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko ideia eta proiektu ekintzaileen sariketa nabarmenena bihurtu da. Aurten, 31 proiektu aurkeztu dira lehiaketara.

Eta zein izan da zuek aurkeztu duzuena eta aipamena merezi izan duena?

Osasun mundura bideratuta dagoen ingeniaritza logistikoa gara. Gure zerbitzua da irtenbide logistiko integratuak eskaintzea. Hau da, ospitale batek dituen zerbitzu guztiak modelo integral baten sartu ditugu. Eta orain, software berria garatzen dihardugu. Hain zuzen ere, hori da saritu digutena.

Ez dago halako zerbitzua ematen duen beste enpresarik?

Bai, badaude. Besteekiko dugun ezberdintasuna software hori berori da. Hain justu ere, hori da eskaintzen dugun berritasuna.Enpresak duen problematika identifikatu, eta diseinua egiten dugu. Ostean, problematika hori gure diseinu logistikora egokitzen dugu, eta, azkenik, martxan ipintzen dugu. Eta, hori egiteko, gure software propioa erabiltzen dugu.

Zuen softwareak ospitale bateko zerbitzu osoa kudeatuko luke?

Bai. Ospitale baten, karga logistikoa duten lau atal nagusi daude: biltegi orokorra, farmazia, zerbitzu klinikoetako biltegia eta gaixoei botikak ematea. Gure softwareak hori guztiori kudeatuko luke. Materiala hornitzailetik irteten den momentutik, gaixoarengana heltzen den arte. Gure asmoa da proiektu honekin kudeaketa eta komunikazio bideak erraztea.

Saria irabazi izanak zabalkundea emango dio zuen proiektuari?

Sariak laguntza emango digu proiektua garatzen joateko. Enpresa moduan bi muga ditugu: baliabide gutxi daukagula eta ez garela ezagunak. Hortaz, bide horretan egin beharko dugu lan. 2016ko azaroan hasi ginen, eta poliki-poliki egingo dugu bidea. Dagoeneko jaso ditugu eskaera batzuk eta hor dihardugu lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak