goiena.eus

Bost proposamen zehatz, Oñatiko hondakin bilketa sistema hobetzeko

  Ingurumena  Oñati

Hondakin bilketa sistema hobetzeko bost proposamen zehatz egin dizkio Oñatiko Udalak Debagoieneko Mankomunitateari.

Oñatiko Udalak, herritarrek bi urteko agintaldiaren inguruan duten iritzia jakiteko berriki egin duen inkestan ondorioztatu du, "egungo bilketa sistema herrian ondo onartuta dagoela, nahiz eta sistemak hobekuntzak behar dituela agerikoa den". Hori da inkestaren emaitzak kontutan hartuta atera duten ondorio bat, eta sistema hobetze aldera, bost proposamen egin dizkio Debagoieneko Mankomunitateari.

Inkestaren emaitzak

Izan ere, "nahiz eta hondakin bilketa sistemak onarpen maila altua izan –%79,3–, galdetuen %30ek sistemak hobekuntza batzuk behar dituela" azaldu dute. Bestetik, herritarren %21ek, sistema aldatzearen aldeko hautua egiten dute.

Emaitzak kontuan hartuta, "behin birziklatze maila altua lortu ostean", batez ere, "intzidentziak murriztea eta herritarrei bilketa erosoagoa egitea" dira Udal Gobernutik ikusten diren helburu nagusiak. Intzidentziei erreparatuz gero, apurtuta eta galduta bezala agertutiko kubo kopuruak minimotara jaistea da helburua.

Proposamen zehatzak

Hala, joan den uztailaren 5ean Mankomunitatean egindako batzordean, honako bost proposamen zehatz egin zituen Mikel Biain alkateak: batetik, haizeteei aurre egiteko, esekitokietan herdoilgaitzak diren krisketak jartzea–2.768 krisketa ipintzeko aurrekontua 14.903,57 eurokoa litzateke, BEZ barne–. Alkate Mikel Biainek adierazi du, begi onez ikusi dutela Mankomunitateko teknikariek irtenbide hori. Bigarren proposamena ere haizeteekin lotutakoa da eta kasu honetan, herriko 4 puntutan haizetik babesteko egitura metalikoak jartzeko proposamena da –6.500 euroko aurrekontua izango luke horrek–. Hirugarren proposamena da plastikozko kubo modeloa aldatzea –hain hauskorra ez den batera–, laugarrena, kartoia eta papera modu komunitarioan kudeatzeko aukera berriz ere zabaltzea eta bosgarrena, esekitokietan eta kuboetan kodigoaren azken bi zenbakiak letra larriz idaztea, langilearen lana erraztu eta herritarrari bere kuboa bereizteko erraztasunak emanaz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa