Hamar urte bete dituzte Oñatiko Arrikrutz kobek

Ane Vitoria 2017ko eka. 2a, 11:40

Oñatin badute zer ospatu; izan ere, hamar urte bete dituzte Oñatiko Arrikrutz kobek. Urtemuga ospatu nahian askotariko ekintzak antolatu dituzte bertan, ume, gazte zein helduentzat bideratuta daudenak. Ekintzaz jositako aste berezi hau bihar hasi eta ekainaren 10era bitartean iraungo du.

Koben 10.urteurrena ospatzeko, ekainean zehar hainbat ekintza burutuko dira Arrikrutzen. Bihar hasiko dira ospakizunarekin eta bertan, familia, ume eta txikiendako tailerrak eskainiko dituzte.  Aurten gainera, eta lehenengo aldiz, UNESCOk ekainaren 6a Koba eta Lurpeko Mundu Mailako Eguna izendatu du eta, horregatik,  egun horretan Arrikrutzeko kobetan eskolei ate zabaliak eta Oñatiko herritarrei bisita bereziak eskainiko zaizkie. 

Urteurrena, ekainaren 7an

Hilaren 7an da Oñatiko koben urteurrena eta asteazkena denez, Arrikrutzekoek datorren zapatuan ospatuko dute egun berezi hori. Egun horretan, gordailura gerturatuko dira non Arrikrutz kobetan agertu zen leize lehoiaren benetako hezurdura ikusgai egongo den. Duela 30 urte aurkitu zuten eta  Jesus Altuna izan zen bere ikerketaz arduratu zena. Horregatik, ekainaren 10a egun berezia izango da, oñatiarrek aukera izango dutelako lehenengo aldiz, leize lehoiaren hezurdura bakar hori ikusteko. Gainera, egun horretako bisita Asier Gomez Paleontologoaren gidaritzapean egongo da. "Berak azalduko duena da lehoiak bizi izandako garaia nolakoa zen, zein bizi zen bertan eta, baita,  zein berezitasun zituen: tamaina, zer jaten zuen, zertara gerturatzen zen kobazulora ... baita aipatuko ditu lehoiaren berezitasun propioak", esan du Arrikrutzeko gidari Leire Garaik. 

Kobak ezagutzeko aukera bikaina

Ekainean zehar eskainiko dituzten ekintzak publiko guztia gerturatzeko eginak daude. Bai, tailer eta jolas modura ume zein gazteei baita helduentzat ere.  Oñatiko koba hauek Gipuzkoako luze eta zabalenak dira eta Leire Garairen ustez, horiek ezagutzeko aste honetako ekintzak aukera bikaina dira. "Jendea etortzera animatuko nuke, aukera oso polita delako bertan duguna ezagutzeko. Askotan kobazuloetan gordeta dagoena ez da ezagutzen eta zerbait baloratu edo maitatzeko ezagutu behar da", azpimarratu du gidariak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak