goiena.eus

Fenologia aztertu dute Arantzazun, Pello Zabalaren eskutik

  Ingurumena  Oñati

Pazkoa Astean badago zertaz gozatu Arantzazun. Esaterako, parketxearen inguruan fenologia aztertu dute gaur goizean, eta batez ere zuhaitzei buruz hitz egin dute, Pello Zabala frantziskotarrak gidatutako saioan.

"Zelten herritik gatoz, haientzako zuhaitz bakoitzak bere esanahia zuen, eta hori gogora ekarriko dugu", esan du Pello Zabala frantziskotarrak fenologiari buruzko ekitaldiaren hasieran. Zelten egutegia kontuan hartuta, bertaratu direnek ikusi dute aurten nola datozen zuhaitzak. Izan ere, urtero ez dira era berean hazten; batzuetan egun gutxi behar izaten dituzte hostoekin betetzeko eta bestetan ez. Eta Zabalak esan du joan zen urtean ez bezala, aurten maila antzerakoan datozela gainera, eta "normalean baino lehenago".

Zuhaitzen eskaintza handia

Eskaintza handia dago parketxearen inguruan zuhaitzei dagokienez, klase asko daude loretan daudenak, hostotan, edota erdizka datozenak, eta horiei buruz hitz egin eta zuhaitzen mundua gertutik ezagutu ahal izan dute bertaratutakoek.

Bestelako ekintzak

Ondorengo egunetan ere izango da zertaz gozatu Arantzazun; bihar, eguaztena, Mikel Olano adituaren eskutik hegaztien inguruko behaketa eta solasaldia izango da 10:30ean, eta  egubakoitzean, berriz, Kalakan musika taldearen kontzertu akustikoa egingo da 19:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa