Egitarau oparoa prestatu dute Arantzazun, Aste Santuko eta Pazko asteko oporretarako

Iker Oñate 2017ko api. 10a, 10:52

Egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute Arantzazuko bisitariek Aste Santuko eta Pazko asteko oporretan. Parketxearen eta aterpetxearen elkarlanetik jaio da egitasmoa; guztira, lau hitzordu jarri dituzte bisitarien esku.

Apirilaren 15ean, zapatuan, emango diote hasiera egitarauari, Gomiztegiko artzain eskolara egingo duten bisitarekin. Bertan, gaztagintzaren sekretuak ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek. Apirilaren 18rako –martitzenerako–, bestalde, fenologiaren inguruko saioa egingo dute Parketxe inguruan, Pello Zabalak gidatuta. Besteak beste, klimaren eta naturaren arteko loturaz, eta, horrek, gizakiarengan duen eraginaz jardungo du hizlariak. Aurrekoez aparte, apirilaren 19an, eguaztenean, hegaztien inguruko behaketa-saioa eta solasaldia eskainiko ditu Mikel Olanok, gaian adituak; hainbaten artean, Arantzazuko harkaiztian bizi diren saiarreak begiztatu ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Kalakan taldearen kontzertua

Kalakanen kontzertuarekin emango diote amaiera Aste Santuko eta Pazko asteko oporretako egitarauari. Antolatzaileen esanetan, "kontzertu akustiko berezia" eskainiko du Iparraldeko taldeak. Egitarauko hitzorduren batean esku hartu edota aterpetxean gaua pasa duenak ez du ezer ordaindu beharrik izango. Apirilaren  21ean, egubakoitzean, izango da kontzertua, 19:00etan.

Jardueretako aforoa mugatua denez, izena aurrez ematea gomendatzen dute antolatzaileek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak