goiena.eus

Aterpetxea prest du Arantzazuk

  Ingurumena  Oñati

Arantzazuren eskaintza indartu guran, aterpetxea irekiko dute astelehenean, apirilaren 10ean; inaugurazio ofiziala, bestetik, asteazkenean egingo dute, 11:00etan. Nagusiki, ikasle taldeak, Inaziotar Bidea egiten diharduten erromesak eta gazteria erakarri nahi dituzte egitasmoaren bultzatzaileek.

Aterpetxea prest du Arantzazuk
Gainerako espazioei bezala, azken ukituak ematen ari dira logelei. | Ikusi handiago | Argazki originala

2005ean Gandiaga Topagunea eraiki zutenetik, aurreikusirik zegoen Arantzazun aterpetxea egiteko proiektua; Gandiaga 1 eraikineko solairuartea bere du ordutik. Hala ere, 2012. urtera arte ez zioten egitasmoa diseinatzeari ekin. Ardura horrekin, azken urteotan elkarlanean jardun dute Arantzazu Gaur Fundazioak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak.

Prozesu horren baitan, aterpetxearen kudeaketa esleitu nahirik, eraikina enkantean jarri zen 2016an. Hiru egitasmo aurkeztu ziren, eta, horien artean, Joseba Longarterena hobetsi zuten. “Balio pedagogiko handiko proiektua eskaini gura nuen. Alegia, argi nuen Arantzazuk dituen natura eta kultura balioak transmititzera bideraturiko egitasmoa eraiki behar nuela", azaldu du Longartek.

Hamaika hilabetez irekita

Urtarrilean salbu, aterpetxea urte osoan izango da erabilgarri; Arantzazun aterpea gura duen orori, eraikinean lo egiteko aukera bermatu gura zaio horrela. Kasuak kasu, erreserbak egiteko bide ezberdinak izango dira: e-postaz edo telefonoz. 

Finkaturiko ordutegitik kanpo ere izango da lotarako tokia eskatzeko aukera.  "Aurrez erreserba egiterik izan ez duen bezeroa aterpetxera heldu, eta, bertan ez banago, lasai asko dei diezadake mugikorrera", argitu du Longartek. Giltza bat utziko zaio bezero bakoitzari, aterpetxea eta berorren barneko armairuak ireki ditzan.

Bestetik, ikasle taldeentzat lo leku ere izan nahi du aterpetxeak. Hasiak dira ikastetxeekin harremanetan, eraikinak eskaintzen duenaren berri emanez; Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L. dihardu zeregin horretan.
Gainerako bezeroek ez bezala, Arantzazuko Santutegi Hotelean prezio murriztuan bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izango dute ikasleek; beraientzat propio eginiko menua eskainiko zaie.

Gazteak erakarri nahian

Gazteria erakarri gura du Longartek: "Duela urte batzuk, gazteriak oso presente zuen Arantzazu. Orain, ordea, gazte gutxi ibiltzen da hemen inguruan; pena ematen dit horrek. Kimu berriak erakarri gura ditut". Gaineratu duenez, Arantzazuren inguruko ezagutza galdu da gazteen artean.

Edozelan ere, Longartek argitu du, aterpetxeak, berez, ez duela jendea erakarriko. " Arantzazuren eskaintza elikatu besterik ez du egingo aterpetxeak. Alegia, hemendik aurrera ere espiritualtasunak, naturak eta kulturak erakarriko dituzte bisitariak", dio.

Parketxearekin elkarlanean

Urtean zehar, Aizkorri-Aranatz natur parkea hobeto ezagutarazi guran, hainbat ekintza antolatu ohi ditu Arantzazuko parketxeak; horiek baliagarri izan dakizkioke aterpetxeari. Hala ere, epe laburrean, behintzat, ez dute bien zerbitzuak batuko dituen pack-ik aterako.

Parketxeak, berriz, badu zer aprobetxatu aterpetxearen irekieraz: astelehenetik aurrera, egun bakarreko bisita bakanak ez ezik, hainbat eguneko bisita sorta eskaintzeko aukera izango du. Horretaz jakitun, aterpetxearekin elkarlana sendotzen segitzeko nahia adierazi du parketxearen arduradun Amaia Vicentek. "Aterpetxeari esker, ikasle taldeek hainbat egun igaro ahal izango dituzte Arantzazun. Hori positiboa da guretzat, beraientzat propio diseinaturiko bisita sorta eskaintzeko aukera baitakarkigu. Parketxea indartuko du horrek", azaldu du.

Gaur-gaurkoz, aterpetxearen eta parketxearen arduradunak hasiak dira beraien arteko elkarlana indartzen. Esaterako, egitarau bateratua prestatu dute Aste Santurako. Apirilaren 15etik 21era, lau hitzordu eskainiko dituzte: Gomiztegin gaztagintzaren sekretuak ezagutzeko aukera, Pello Zabalarekin Arantzazuko parketxeko inguruetan zehar bisita gidatua eta Mikel Olanorekin hegaztien behaketa egingo dute. Apirilaren 21ean, 19:00etan, berriz, aurrez aipatutako jardueretan parte hartuko dutenendako Kalakan talde ezagunaren emanaldia izango da. Informazio gehiago eskuratzeko eta erreserbak egiteko: 943 78 28 94 eta arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net.

Barrutik ezagutuz

Ezaugarriak

  • 56 ohe, sei logelatan banatuta
  • Sukaldea: bi mikrouhin eta bi hozkailu
  • Jantokia
  • Hiru bainugela, dutxekin
  • Elbarrientzat egokituriko espazioak

Ordutegia

  •  8:00-22:00

Erreserbak

  • Tel.: 943 780 500   eta 656 743 148
  • arantzazuaterpetxea@gipuzkoamendizmendi.net



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa