Joseba Arregi "etxeratzeko garaia" dela aldarrikatuko dute zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 30a, 13:39
Arantzazuko auzo etxean elkartu ziren auzotarrak otsailaren 19an.

Joseba Arregi 'Azpilleta'-k 25 urte bete ditu preso aste honetan eta "etxeratzeko garaia" dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute zapatuan Foruen plazan. Arantzazuko auzotarrek grabatu duten bideoaren aurrerapena ikusiko da; Joseba Arregik nola bizi duen une hau, bere sentimenduak eta esker ona ere presente izango dira.

Martxoaren 29an, orain dela 25 urte, atxilotu zuten Arantzazu auzoko Azpilleta baserriko Joseba Arregi, Bidarten (Lapurdi), ETAren logistika arduraduna izatea leporatuta. Bere urtebetetzea ere aste honetan izan da, 71 urte bete ditu hilaren 27an. Azken 25 urteak Frantziako eta Espainiako espetxeetan igaro ditu eta "etxeratzeko garaia" dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute zapatuan. 13:00etan izango da, Foruen plazan; eguraldi txarra egiten badu, gaztelekuan.

Bizipenak

Ekitaldia hunkigarria izango da, auzotarrek Arregirekin bizitako istorioak eta pasadizoak kontatuko dituzte eta. Duela hilabete inguru egin zuten Arantzazuko auzotarrek horretarako hitzordua auzo etxean. Bakoitzak, umetan edo gaztetan, harekin izandako bizipenak kontatu zituen kamera aurrean, eta lan horren emaitza, bideo hori, ikusi eta entzun ahal izango da. Bestetik, Azpilleta-k berak idatzitako gutunaren pasarte bat ere presente izango da ekitaldian. Gaixo dauden presoak aipatuz hasten da Joseba Arregik idatzitako gutun hori, beraiekin ez ahazteko dei egiten du. Aldi berean, bera bezala preso dauden beste bi herrikideak ere gogora ekartzen ditu, Xabin Usandizaga eta Xabier Ugarte (20 urte egingo dituzte preso aurten). Bi horiek eta "herritik kanpo daudenak" herrian egiten diren ekimenetan ez ahazteko eskatzen du eta espetxean daramatzan urteetan "mila istorio eta borroka" izan dituztela aipatu. "Hor kanpoan dena aldatu da eta hemen ez", dio.  Gutunaren amaieran, herritarrengandik jasotakoa aipatzen du Arregik: "Oñatiko herritarrek, modu batera edo bestera, laguntza eta sostengu itzela eman didate. Hautetsietatik hasi, Mirentxintarrak, kirol eta pilotazaleak, bisitara etorri direnak, Aloñako mendizaleak, Urbiako artzainak...".

Larraitz Ugarte abokatuak Joseba Arregiren egoera juridikoa azalduko du ekitaldian eta Juan Mari Olanok presoen egoera orokorra zein den ekarriko du gogora.

Alacanten

Joseba Arregi Alacanteko (Villena) espetxean dago gaur egun, etxetik 780 kilometrora. Kirola, margolanak eta buztinezko irudiak egiten ditu, burua okupatuta izateko, dituen baldintzetara moldatu behar bada eta materiala eskuratzea kosta egiten zaion arren.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak