goiena.eus

Herrian zein landa eremuan argi gehiago behar dela uste du EAJk

 Oñati

Herri barruko hainbat gunetan zein landa eremuko paseo lekuetan argi gehiago behar dela uste du EAJko udal taldeak, eta horren aldeko hobekuntzak egitea eskatu dio Udal Gobernuari.

EAJko udal taldearen iritziz, gaur egun "oraindik emakume askok murriztua ikusten dute beren mugitzeko askatasuna, batik bat gauez bakarrik irteteko edo argitasun gutxiko leku bakartietatik barrena ibiltzeko beldur direlako". Hori konpontzeko, 2012an egindako Berdintasun Planak jasotako puntu ilunen mapa berraztertzea eskatu du "urte hauetan sortu diren gune berriak identifikatu eta mapa behar bezala osatzeko". Argi intentsitatea handitzeko  beharra ikusten dute, esaterako, Motxonen, Bidaurretan, Olapoton, San Lorentzon, Otadui zuhaiztian, osasun zentroko aparkalekura igotzeko eskaileretan eta plazako frontoi inguruko jolas-gunean, "toki isil, ilun eta bakartiak direlako”. Zentzu horretan, 2017. aurrekontuetan "EAJk egindako proposamena onartuz, udal gobernuak jada plazako frontoi inguruko jolas-gunean argiteria hobetzeko konpromisoa hartuta" duela ere adierazi dute jeltzaleek.

Landa auzoetan argiteria hobetzeko plan orokorra egitea ere eskatu du EAJk, pasea lekuak, adibidez, "ez daudelako behar bezala argiztatuta. Horrek oinezkoen segurtasunean eragiteaz gain, auzoetarako irisgarritasuna kaltetu eta oztopatzen ditu". Bestalde, herritarrek egindako eskaerari erantzunez, Zuazolan, Asentzio/Maalan eta Aiastuin komun publikoak jartzeko eskaera ere gehitu du EAJk.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Landa guneak nahikotxo hiritartuta ditugu dagoneko, eta orain zer eta argi gehiago? Kaletarrok ez duzue ulertzen landa guneak, batzuentzako, lantokiak direla eta gure animaliek (bai etxeko-aziendek bai basafaunek) iluntasuna eta bakea behar dutela. Lau oinezko ordu txikitan paseatzeak ez du gailendu behar egunero lanean ari diren baserritarrei. Utzi bakean baserriak, mesedez.
...aspertzen hasia naiz landa guneko erabakiak kaletarren esku uzteaz!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa