Lágrimas de Sangre: "Oñati suntsitzeko asmoarekin gatoz"

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 16a, 13:09
Lágrimas de Sangre talde kataluniarreko kideak; Sangre de Mono taldearekin batera joko dute gaztelekuan. (Argazkiak: Lágrimas de Sangre)

Herriko gazte batzuk proposatuta dator bihar Lágrimas de Sangre talde kataluniarra Oñatiko gaztelekura, 22:00etan. Udalarekin batera antolatu dute kontzertua eta oso harrera ona izan du: 330 sarrera baino gehiago aurrez saldu dira. 'Sold out' izatea espero da.

Herriko bi gazteren ideia izan da Lágrimas de Sangre taldea ekartzera Oñatira. Gaztelekuko arduradunarekin jarri ziren harremanetan eta proposamena elkarrekin gauzatu dute alde biek. "Taldeko managerrarekin jarri nintzen harremanetan eta gauza batzuk lotu genituen, baina gazteek egin dute beste lan dena. Beraiek egin dituzte kartelak, sarreren salmenta antolatu eta beste. Gaurko emanaldian ere egongo dira lanean", azaldu du gazte saileko teknikariak, Jon Lopezek.

Kontzertua

Talde kataluniarreko kideek ere pozik hartu zuten Oñatitik egindako proposamena. "Jakin genuen Oñatiko herritar batzuk zutela interesa guk hor jotzeko eta bira antolatzerakoan kontuan hartu genuen herrietako bat izan da Oñati. Harremanetan jarri ginen eurekin eta bagoaz", esan dute taldekideek.

Diote Oñatiko kontzertua festa handi bat izatea espero dutela: "Bira oso ondo doa eta sekulako indarrarekin helduko gara gaztelekura. Harrituta eta pozik gaude gure bira honek orain arte izan duen erantzunarekin. Euskal Herrian ere jendeak beti ondo hartu gaitu eta ziur gaude ikustera datozenak oso ondo pasako dutela. Oñati suntsitzeko asmoarekin gatoz". Nolako kontzertua izango den ere pentsatu dute: "Viridarquía laneko kantuak joko ditugu batez ere, baina Si uno no se rinde eta La Real Música Explícita lanetako kantuak ere entzungo dira, noski. Oso emanaldi borobila izango da. Horixe eskaini dugu aurretik egindako saioetan ere eta entzuleek asko disfrutatu dutela ikusi dugu. Oñatin, baina, egongo da berritasun bat. Gure ohiko gitarra jotzailea, Rama Lama, bere beste proiektu batean dago eta asteburuan Enric Peinado izango da gurekin".

Sarrerak

Lágrimas de Sangre Oñatira ekartzeko proposamena egin duten gazteak arduratu dira sarreren salmentaz. Oñati eta Arrasateko tabernetan jarri zituzten salgai eta helbide elektroniko bat ere sortu zuten horretarako. 330 baino gehiago salduta daude dagoeneko; 370 lagunendako tokia egongo da gaztelekuan, beraz, sold out izatea espero da. Gazteetako batek egingo die ongietorria taldeko kideei eta bestea eurekin batera egongo da soinu-mahaian. "Lan handia egin dute gazteek. Pozik hartzen ditugu horrelako proposamenak", dio Jon Lopezek. Sarreran eta tabernan Lekaixoka! -ko talde bat egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak