goiena.eus

Oinezkoendako gunea da atzotik, Oñatiko herrigunea

 Oñati

Sietevientos, Kale Zaharra, Kale Barria eta Atzeko kale oinezkoendako gune dira oraingo eguaztena ezkero. Proba pilotuak hiru hilabete iraungo du eta ondoren baloratuko eta erabakiko da aurrera begira zer izango diren. Komertzioak kezkatuta azaldu dira.

Zazpibideta edo Sietevientoseko bidegurutzea oinezko gune bihurtu da eguerditik aurrera. Eguaztenean eman zitzaion hasiera proba pilotuari eta datozen hiru hilabeteetan luzatuko da. Hala, Unibertsitate Etorbidetik, Aita Madina kalean hasi eta Maiatzak 1 plazaraino, ezin izango da autoz pasatu, 12:00etatik aurrera. 07:15etik 12:00etara zabalik egongo da era guztietako ibilgailuendako eta 12:00etatik aurrera soilik pasatu ahal izango dira garraio publikoa eta bizikletak.

Hori, astelehenetik zapatura arte; izan ere, domeka eta jai egunetan, itxita egongo da zatia eta soilik oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa ibili ahal izango dira.

Bide mozketa horrek San Anton kalean ere izango du eragina, Sietevientosetik pasatu ezin diren ibilgailuak San Anton kalean barrena joan ez daitezen, kale hori ere itxi egin baita, eguerditik eta Zumeltzegi dorrerako bidegurutzetik aurrera. Hemen ere, baimendutako ibilgailuek soilik jarraitu ahal izango dute San Anton kalean barrena, Zumeltzegi dorreko bidegurutzetik aurrera.

Kale Zaharra, Kale Barria eta Atzeko kale

Hain zuzen ere, mugikortasun planaren baitako beste neurri bat da Kale Zaharra, Kale Barria eta Atzeko kale, oinezkoendako gune bihurtzea. Hala, baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira "txartela erakutsita", goizeko 08:00etatik 12:00etara. 12:00etatik aurrera oinezkoak soilik ibili ahalko dira.

Neurri horien guztien helburua da, besteak beste, oso hurbil dauden bi oinezko gune bateratzea: "Plaza aldea eta Kale Zaharra bateratzea, adin eta era guztietako herritarren bizi kalitatea hobetzea, oinezkoei lehentasuna ematea eta baita merkataritza sustatzea ere", adierazi du hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak. "Mugikortasun jasangarriaren ereduan ari gara aukerak ematen; hor daude Herribusa eta Auzotaxia eta aparkaleku araudi berria ere bai",  gaineratu du.

Merkatariak kezkatuta

Neurri horiekin guztiz konforme ez daudenak dira Kale Zaharreko merkatariak. "Beldur handia dugu, ondorio txarrak ekarriko dituela uste baitugu", jakinarazi du Igone ile-apaindegiko Igone Ugartek. Eta gaineratu du: "Badugu autoan ibiltzen den bezero perfil bat eta itxiturarekin horiek kanpora bideratzen direla uste dugu. Izan erdigunetik kanpora,  edota Arrasatera edo Gasteizera. Hori bezeroek eurek ere esan izan digute, gainera", gaineratu du.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Ez nau oso pozik Udalak hartu dauen erabaixaz! Ez naiz herrixan erdigunian bizi eta egixa esan, kalera fateko be ez dot askotan ebalten kotxerik. Hala be, tarteka suertaitten xat kotxia hartu biharra. Aparkaleku sistema barrixakin pozik nau. Izan be, martxan jarri danetik, aparkaitteko aukera haundixaua euki dot. Erdigunian trafikua arinddu ete dan susmua dakot. Txaketuaneko bidegurutzia izteiak Bidebarrietari ez dot uste mesede haundirik ingo xauenik, ezta Bidorretako rotondiai be! Azkenengo erabai hau ondo ikusiko neke bariantia eta Bidebarrietaz gain, beste aukeran bat baleo. Haber nahastuta nabillen eta ondo faten dan sistema barrixa!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa