Eskarmentu luzea du Tasio Erkiziak politikagintzan, betiere ezker abertzalearen inguruan. Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kidea izan zen hogei urtez, eta instituzioetan ere aritu izan da. Erkiziaren hitzetan, Bizipenak eta hausnarketak liburua biografia soila baino, lekukotasun politiko bat da. Besteak beste, belaunaldi baten ametsak, galerak eta lorpenak partekatzen dira liburuan.
Herritar ugari gerturatu ziren liburuaren aurkezpenera eta Sortuko Aitor Lizarraldek aurkeztu zuen Erkizia. Ekitaldia hasi aurretik, Mikel Biain alkatea Ezker Abertzaleko kide historikoa agurtzera gerturatu zen. Erkiziak apaiz izan zen garaitik Oñatirekin duen harreman estua gogora ekarriz hasi zuen hitzaldia. Ondoren, Bizipenak eta hausnarketak liburuan jasotako gaiei ekin zien. Lesakatik Bilbora eta frankismotik ziklo politiko berrira doan bidaia honetan, Erkiziak begirada hurbila eskaini die, bere ustez herri proiektuaren eraikuntzaren protagonista izandako norbanako eta prozesuei.
Erkizak baina, aurrerapauso horien meritua ezker abertzalearena baino, euskal gizartearen lana izan zirela azpimarratu zuen.Liburuaren egileak ezker abertzalearen mende erdia "esnatu, eraiki eta eutsi" aditzekin laburbildu du, baina Bizipenak eta hausnarketak ez da iraganean geratzen, Arnaldo Otegik liburuaren hitzaurrean dioenez, independentziazko etorkizun bat izateko iragana irakasgai eta oraina lanabes izan dute.