Emakumeen Nazioarteko Eguna

Asko dagoelako egiteko, feminismora batzeko deia egin dute Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mar. 9a, 11:27
Sare feministakoez gain, Lagun Lekukoak ere izan ziren eguaztenean Foruen plazan egin zen elkarretaratzean.

Emakumeen Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egin zuten Foruen plazan sare feministak deituta eta Lagun Leku elkartekoek ere bat egin zuten; ekitaldiari amaiera emateko, biodantzako zapi koloretsuen dantza bat egin zuten dozena bat emakumek.

Martxoaren 8aren bueltan, hainbat ekitaldi egin dira egunotan. Jendetsuena, Emakumeen Egunean Foruen plazan egin zen elkarretaratzea izan zen, sare feministak deitutakoa. Herritar ugari elkartu ziren bertan eta "borroka" egun bat dela ozen aldarrikatu zuten. Asko dagoelako egiteko eta ari garelako, batu feminismora lelodun pankarta erakutsi zuten feministek, emakumeen eguneroko borrokaren adierazle. "Feministak izan behar gara egunero, orduro eta minuturo. Eta hemendik feminismora batzeko deia egiten dugu, denon artean mantenduko eta lortuko ditugulako emakumeon eskubideak", azaldu zuen Andraitz talde feministako Lourdes Arregik. Izan ere, oraindik lan asko dago egiteko.

Eguazten arratsaldean egin zen elkarretaratze horretara batu ziren baita ere Lagun Leku elkartekoak. Eguerdian, euren kabuz beste elkarretaratze bat ere egin zuten Olakua auzoan, eta egunean bertan egin zuten bazkarian 22 lagun elkartu ostean, Foruen plazan egin zen elkarretaratzean ere izan ziren euren pankartarekin. Eraildako emakume gehiagorik ez! zioen eta hauxe adierazi zuen elkarteko kide Nieves Barrenak: "Berdintasunaren alde aldarrikatzeko ehunka kontu daude, baina guk erailketen gaia ekarri nahi izan dugu gogora gaurkoan".

Olakuan eguerdian, Pake Lekukoen elkarretaratzea, Emakumeen Egunean.

Sorpresa bat ere izan zen elkarretaratzearen amaieran. Biodantza saio baten erakusketa txiki bat egin zuten dozena bat emakumek zapi koloretsuekin, eta ondoren, bertaratutako herritarrak dantzara animatu zituzten.

 

Biodantza saioa, zapi koloretsuekin.

Zapatuan, bazkari feminista

Antixenako gaztetxean 14:30ean egingo da bazkari feminista zapatuan. Txartelak salgai daude Arranon eta Onan, 6 euroan langabetuendako eta 12an lanean dabiltzanendako.

Selma Huxley beka

Oñatiko udaleko berdintasun sailak lehendabizikoz emango du ikerketa beka eta hori Emakumeen Eguna ospatzeko antolatu diren gainerako ekitaldiekin batera sartu dute egitarauan. Selma Huxley izena darama eta aurkezpena martxoaren 29an egingo dute. Ekitaldia borobilduz, gerra eta emakumeen memoria historikoaz mahai ingurua egingo da Irantzu Mendia eta Amagoia Gurrutxagarekin.

Selma Huxley bekaren helburua da Oñatiko emakumeek historian zehar egindako ekarpenak (lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan, kulturan...) aztertzea eta plazaratzea. 12.000 euroko diru laguntza da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak